Elorsoro kiroldegian elkartuko dira, Haziak-en ekimenez. Marina Pontos yoga irakasle eta musikariak gidatuko du igandeko saioa.
Marina Pintosek gidatuko du saioa.
Familientzako yoga, erlaxazio eta kontzentrazio saioa egingo dute datorren igandean. Haziak iniziatibak antolatu duen saioa izango da. Haziak egitasmoa hezkuntza ez-formalaren barruan kokatzen da.
Haziak proiektuko kideek adierazi duenez, yogak eskaintzen dituen teknikak “gaur egungo azelerazioa, estresa eta kontzentrazio eza” arintzeko baliagarriak dira. Gorputza arindu eta luzatzeaz gain, burmuina eta osasunarentzat garrantzitsuak direla esan dute Haziak-ekoek.
“Orainaren jabe” izateari ere garrantzia ematen diote. “Norberaren barne mundua azaleratuz botere harremanen lanketa osoa garatzeko kontzientzia hartzeko prozesu gisa da orainaren jabe izatea”.
Marina Pintos yoga irakasle eta musikariak emango du bost urtetik gorako haur eta helduentzako saioa. Elorsoro kiroldegian izango da, 11:00etatik 12:30era. Zita ordu laurden lehenago jarri dute, kiroldegiko sarreran, denak elkarrekin joateko. Arropa arina eta tapatzeko manta eramatea eskatu dute.
Toki mugatuak izango dira, eta aldez aurretik deitzea gomendatu dute. 685 32 30 40 telefono zenbakira mezu bat bidali beharko da.