Granadilla Tenerife arerio gogorra jaso dute Karla Lekuonan. Bi hilabeteren ondoren, garaipena eskuratu du talde urdinak.
Lehen zatiaren erdian hasi ziren oiartzuarrak menperatzen.
Urrezko hiru puntu lortu zituen atzo Oiartzunek. Atzoko garaipena urrezkoa da, jaitsiera postuak aldentzen dituztelako, baina baita ere partida gogorra izan zelako. Alde batetik, arerioa, Granadilla Tenerife, seigarren postuan dagoena eta bi hilabete galdu gabe daramatzana. Bestetik, eguraldia, bero handia egin baitzuen Karla Lekuonan.
Bisitariak partida menperatzen hasi ziren, eta horrela hainbat aukera sortu zituzten partidaren lehen minutuetan. Lehen zatiaren
ekuadorraren bueltan, oiartzuarrak erosoago sentitzen hasi ziren, eta baloiaren jabetza handiagoa izaten.
33. minutuan iritsi zen partidako gol bakarra. Eztizen Merinok ateratako kornerra kanariarren kapitain Piscok sartu zuen bere atean.
Azken minutu luzeak
Bigarren zatia bide beretik hasi zen, oiartzuarren nagusitasunarekin. Hala ere, 62. minutuan, kanpokoek aukera polita izan zuten, baina ez zuten asmatu. Hurrengo jokaldian, oiartzuarren aurrelari Carolek sartutako gola baliorik gabe utzi zuen epaileak, jokoz kanpo adierazi zuelako.
Azkeneko minutuak luze egin zitzaizkien oiartzuarrei, Tenerifekoek etxekoen area inguruan jokatu zutelako (Joana Arranzek atepean atera zuen baloi bat). Sufritutakoak sufrituta, hiru puntu poltsikoratu zituzten oiartzuarrek. Jaitsiera postuak lau puntura dituzte oiartzuarrek. Espanyolen garaipenarekin, orain Albacete dago zuloan.
Oiartzuni lau partida geratzen zaizkio liga bukatzeko. Bartzelona, Reala, Rayo eta Zaragoza izango dira arerio horiek.
Bestalde, oiartzuarren bigarren taldeak Elorrioren zelaian galdu zuen, 2-1. Emakumeen Euskal Ligako azkeneko jardunaldia datorren asteburuan jokatuko dute, Ugaoren kontra.