Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekiko lau mailetako finalak larunbat arratsaldean jokatuko dituzte, Madalensoro pilotalekuan.
Iazko finalak jokatu ondoren egin zuten familia argazkia.
Girizia elkarteko pilota sailak antolatzen duen Euskal Herriko Pala Txapelketa Irekiaren XXXIV. ekitaldia bukaerara iristear da. Josetxo Gamioren omenezko txapelketaren finalak datorren larunbat arratsaldean jokatuko dituzte Madalensoro pilotalekuan.
65 bikotek hartu dute parte aurtengo txapelketan, 59 gizonetan —hiru mailatan— eta sei emakumeetan —maila bakarrean—. Ehun partida jokatu dituzte pilotariek, guztiak Oiartzungo frontoian.
Zortzi bikote onenen arteko partidak 14:30ean hasiko dira, eta ondoren sari banaketa egingo dute bertan. Pilota federazioko ordezkariak izango dira bertan, baita udalekoak zein Gamioren senideak ere. Honakoak izango dira finalak —ordena horretan jokatuko dituzte—:
- Hirugarren Maila: Arregi-Urreaga / Manzisidor-Pagoaga.
- Bigarren Maila: Juanena-Matxain / Berho-Goñi.
- Nesken Maila: Galdos-Arrillaga / Etxeberria-Lopetegi.
- Lehen Maila: Ramos-Zubimendi / Antxordoki-Almandoz.