Udaletxeko informazio bulegoan aurkez daitezke aurtengo festak iragartzeko kartel proposamenak,maiatzaren 31 arte. Jai batzordeak aukeratuko du onena.
Andrea Villamorren kartela ordeztuko duena aukeratuko dute.
2017ko xanistebanak iragartzeko kartel lehiaketa martxan da. Maiatzaren 31 arte aurkez daitezke lanak, udaletxeko informazio bulegoan. Astelehenetik ostiralera entrega daitezke, 08:00etatik 14:30era (azkeneko egunean 13:00etan bukatuko da epea).
Kartela aurkezten dutenek hainbat baldintza bete beharko dituzte. Nahi den teknika erabiliz, 70×50 zentimetroko kartela osatu beharko dute. Derrigorrez izan behar du Xanistebanak 2017 leloa.
Horrez gain, egile batek original bat baino gehiago aurkez dezake, eta ezingo du kartela sinatu. Lanarekin batera, gutunazal baten barruan entregatu beharko dituzte datu pertsonalak (izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta langabetua baldin, egoera frogatzen duen agiria).
Udalak jakinarazi duenez, kartel iragarlean genero berdintasuna bermatzeko irizpideak kontuan hartuko ditu epaimahaia osatuko duen Xanistebanetako Jai Batzordeak.
Bost sari
Lehiaketaren sariei dagokienez, irabazleak, festak iragartzeaz gain, 600 euro eramango ditu. Horrez gain, oiartzuar onenari 300 euroko saria emango diote, eta 50na euroko bi sari ere banatuko dituzte. Bestalde, gaztetxoen parte hartzea eta lana sustatze aldera, urtebeteko beka emango dute 100TZE Sormen Espazioan urtebeteko matrikula doan izateko.