Lezon Ondo Ai Gea: "Lezoko Udalari erantzuna"
Lezon Ondo Ai Gea taldeak, hainbat proposamenen gaineko Lezoko Udalaren erantzuna jaso du. Erantzun horren gaineko iritzia eman du taldeak.
Ondokoa da, hitzez hitz, Lezon Ondo AI Gearen gutuna:
“Azken sei hilabetean Lezon Ondo Ai Gea taldeak Lezoko Udalean sartutako proposamenen erantzuna jaso du apirilaren 27an, nahiz eta udaleko irteera apirilaren 12an izan.
Udalaren erantzunaren inguruan, Lezon Ondo Ai Gea taldearen iritzia da honakoa.
1- Udalak ezezkoa esan dio hondakin mahai edo batzorde bat sortzeko proposamenari: Erantzun honekin Lezoko Udalak ezezkoa esan dio elkarlanari, parte hartzeari, elkarrizketari, luzera begirako adostasunari. Hau ez zaigu serioa eta arduratsua iruditzen. Galdeketa publikoki eskatu zuen alkateak, orain hondakin mahai edo batzorde bat sortzeari ere ezezkoa esaten dio.
2-Lezon Ondo Ai Gea taldeak bost edukiontziko sistemari egindako proposamenari (bereziki organikoaren eta errefusaren bilketaren kontrol handiagoa) udalak ezezko biribila eman dio, inolako arrazoirik eman gabe: Altamiran ikusi dugun bezala bost edukiontziko sistemarekin errefusaren kantitatea bost aldiz handitzen da, eta eta bereizketa maila jaitsi ez dadin klabea da organikoa eta errefusa ongi kontrolatzea. Udalak, ezezko honekin, honakoa erakutsi digu: hondakinak birziklatzea ez duela lehentasun, eta ezartzera doan sistema berriak Gipuzkoan egingo den errauste planta kutsakorra elikatu egingo duela.
3-Lezoko Udalak ezezkoa esan dio auzo konposta gune berriak jartzeari eta horien kontrol zorrotzagoa bere gain hartzeari:
Guillermo Lazon eta Pildain inguruko bizilagunek nora joan behar dute auzo konposta egitera, Andreonera, Lopenera? Ez da serioa. Auzo konposta herritarren eskura eta kontrol egoki batekin ez bada egiten ez du etorkizunik, eta hori egitea udalaren ardura da. Gainera, jakin dugu aste honetan Guillermo Lazon eta plaza inguruko famili batzuk udalari gune baten eskaera idatziz egin diotela. Udalari familia horien eskaera positiboki erantzutea eskatuko genioke.
Ohartxoak:
Lezoko Udalak gurekin ez du bildu nahi, begien bistakoa da hori, sei hilabetez bere atzetik ibili behar izan dugu, bilera motz bat egiteko eta erantzun bat jasotzeko. Udalari errespetu handiagoa eskatzen diogu. Udalak baditu bere protokoloak ofizialki udalean sartzen diren eskaerei erantzuteko, eta gure kasuan epeak ez direla bete uste dugu. Hori berriz ere ez gertatzea nahiko genuke”.
Iñigo Esnaola. Lezon Ondo Ai Gea taldearen izenean.