Hamar urte beteko ditu aurten Lupa Dokumentalen Mostrak. Dokumentalei balioa eman, ezagutarazi, eta sortzaile eta ikusleen arteko harreman hurbila eraikitzeko sortu zuten.
Iker Fernandez eta David Aguilar Luparen sortzaileetako bi kideak Mikelazulo Kultur Elkartean.
Sortzaile eta publikoaren zein sortzaileen arteko topagune izateko, ikusezina ikustarazteko, eta ez fikziozko zinemari balioa emateko sortu zuten orain hamar urte Lupa Dokumentalen Mostra. Mikelazuloko Iker Fernandez, David Aguilar, Peio Gutierrez, Txokolo Gurrutxaga eta Donostiako Guardetxeko Banda Bat taldeko kideek egin zituzten lehen urratsak. Hamar urte geroago, hasieran ezarritako helburuak bete dituztela argi dute Fernandezek eta Aguilarrek. Beteta ere, mostra mantentzea beharrezkoa dela diote, oraindik ere lan handia egiteko dagoelako esparru horretan.
Mikelazulon bildu da Hitza Luparen sortzaileetako bi izan ziren eta hura antolatzen jarraitzen duten Fernandez eta Aguilarrekin. Zerbaitekin lotura badu Mikelazulok sormenarekin, kulturarekin da. Lehenengo Lupa Mostrara begira jarri dira biak eta gogorarazi dute Zine Txiroa antolatzen zuten garaia: «Zinema sozial eta politikoa lantzen genuen Zine Txiroaren barruan. Hilabetean behin, pelikula ematen genuen Mikelazulon eta solasaldia egiten genuen ondoren, filmaren zuzendariarekin posible zenean, edota pelikulak berak lantzen zuen gaiarekin lotura zuen gonbidatuarekin bestela».
Hainbat urtez egin zuten Zine Txiroa, eta hura amaituta «gogoz» gelditu zirela dio Fernandezek: «Dokumentalek, beste sormen esparruetan bezala, enkontrurako eremu baten falta zutela ohartu ginen, publikoa eta sortzaileen artean, nahiz sortzaileen artean elkar ezagutu eta esperientziak trukatzeko eremua behar zela». Eta lanean hasi ziren.
Sorkuntza eremua, sormenerako espazioa da Mikelazulo, baita topagunea ere. «Hortik sortu zen Lupa», erantsi du Fernandezek. Beste helburuetako bat, bertako sortzaileen lana babestea da, eta horren harira, Luparen barruan tartea eskaintzen diete prozesuan dauden lanei.
Lekurik ez duten filmak
Askotariko gaiak jorratzen dituzte Lupa Dokumental Mostran. «Denak du lekua. Interesgarriak diren, baina normalean lekurik ez duten filmak ematen ditugu bertan. Giro goxoan, ezberdina den zinema bat aurkituko du ikusleak, autentikoa, benetan autore baten begirada aurkituko du», esan du Aguilarrek.
Ainara Lasaren Gorputz baten bila instalazioa Roque Outlet zapata dendan.
Dokumentala baino gehiago fikziozkoa ez den zinema aurkituko du ikusleak, eta horrek hainbat tabu eta aurreiritzi apurtzeko eragina izan duela zalantzarik ez dute: «Bazirudien dokumentalak Espainiako telebistaren bigarren katean animalien gainean ematen zituztenak zirela. Lupara bildu direnen artean begirada aldatu da zentzu horretan, eta ohartu dira ezetz, beste zerbait direla».
Film luze eta laburren artean ez dute bereizten programatzeko garaian, maila berean daudela uste dutelako. Helburu lehiakorrik ez du, gainera, Lupak, pantailetara heltzen ez den hori publiko aurrean jarri nahi dute, hurbiletik, eta ez da saririk banatzen: «Mikelazulon badugu bokazioa espazioak zabaltzeko eta askotan zailtasunak dituzten lanak jendartera iristarazteko. Zinema mota honetan asko esperimentatu da, hizkuntza zinematografikoan asko aurreratu da. Zentzu horretan abangoardia eta esperimentazio handia topatu ditugu fikzioaren estalpetik kanpo, eta ederra izan da».
Lupa izena zergatik aukeratu zuten galdetuta, berehala erantzun dute biek: «Lupak urrunago dagoen hori gerturatzeko balio du, gertuagotik ikusten laguntzen du. Lupa Dokumentalen Mostra, beraz, erreparatuko ez zeniokeen zerbaiti erreparatzeko tresna da».
Hurbiltasuna, oinarri
Txikitasunean handi da Lupa. Ohikoa ez den harremana sortzeko aukera ematen duelako. Mikelazulo eta Guardetxea ez dira espazio handiak, baina txikitasun horretatik «hurbiltasuna», sortzaile eta publikoaren arteko harremana bermatu dute hamar urte hauetan, eta horretan jarraitzeko asmo garbia dute antolatzaileek. «Jende askok esaten digu espazio txikia dela, agian areto handiagoetara eraman beharko genukeela Lupa. Tamaina mantentzeak, baina, hurbiltasun eta goxotasun hori ekarri dio mostrari. Apustu handia da, eta Mikelazulo zein Guardetxea betetzea lortzen dugu». Gertutasuna eskertzekoa dela argi diote, «ikusleak zein sortzaileek eskertzen dute». Kontzienteki hartutako erabakia da beraz, autogestioaren aldeko hautua bezala: «Dena guk bilatu, antolatu eta lotu behar dugu, baina horrek, independentzia ematen digu, baita autonomia ere. Ekonomikoki dauden gastuak estaltzea izaten da buruhauste txiki bat, baina iristen gara».
Belen Morenoren Humo en la mirada, teknika mixtoa Maitexa estankoan.
Mostrarekin, ezkutuan gelditzen den sortzaile askoren lanak ikusten du argia, eta gozarazten du beste zinema eredua bilatzen duen ikuslea. Hamar urtez halako ekitaldia antolatzeko lan handia egin beharra dute, «gogo handiz egindako lana» dela diote biek. «Obligaziotik baino, pasiotik hurbilago dago, zalantzarik gabe, gaineratu dute».
Jende berria gerturatzen ere asmatu dute ibilbidean zehar. Aurten, adibidez, hamar lagun ari dira Luparen antolaketarekin, eta horrekin ere pozik azaldu dira Fernandez eta Aguilar.
Sortzaileen begirada
Sortzaileen begirada berebiziko garrantzia duen beste faktoreetako bat da Luparen barruan, «zenbat eta subjektiboagoa izan dokumentala, are interesgarriagoa da guretzat».
Bazterrean gelditzen diren lanak egiten dituzten sortzaile horiei guztiei omenaldia egin nahi izan die hamargarren ekitaldian Lupak. Horren harira, lehenengoz, goiburua izango du Lupak, Zakur berdearen begiradak. Goiburu horren arrazoia ere azaldu dute: «Nahiko zakur berde sentitzen garela eta sentiarazten gaituztela, eta horrela sentiarazten dituztela baita artista hauek ere adierazi nahi dugu. Bide batez, zakur berde hauen begirada errebindikatu nahi dugu».
Goiburuarena ez da Luparen hamargarren ekitaldiko berritasun bakarra. Bertako artistekin erakusketa antolatu dute, eta dagoeneko hamabi artisten lanak ikus daitezke Errenteria-Oreretako hamaika tokitan. Ezohiko lekutan kokatu dituzte lanak, zapata dendan, estankoan, kafe saltokian, merkatuan… «Erakusketaren bidez Luparen identitatea zinema aretotik kalera eraman nahi dugu».
Artea edo sormena ere izan daitekeela zakur berdea diote , eta horregatik, normalean artea ikusi ezin daitekeen eremuetara eraman nahi izan dute. Eskultura, pintura, bideogintza, argazkia, soinu paisaia edo instalazioa aukeratu dituzte Onintza Etxebeste, Ainara Lasa, Idoia Beratarbide, Laurent Pommier, Idoia Hernandez, Alvaro Ledesma, Ibai Maritxalar, Belen Moreno, Oskar Manso, Arrate Rodriguez, Irati Gorostidi eta Alvaro Sau artistek Ez-Lekuak erakusketa janzteko. Zapirain zeramikak denda, Xera Gastroteka, Dantzagunea, merkatua, Maitexa estankoa, Kikara kafe denda, Calzados Roque Outlet, Gaztelu jatetxea, Aurki taberna, Arkaitza taberna eta Lino kafetegiak hartu dute erakusketa.
Idoia Hernandezen Angela Davis collage eta bideoa, Lino Kafetegian..
Bihar bertan, sortutako horiek artisten eskutik ezagutzeko aukera izango dute 10:30ean Mikelazulora hurbiltzen direnek. Izan ere, bisita gidatua antolatu dute. Luparekin bezala, bisita gidatuaren bidez sortzaile eta ikusleak hurbildu nahi dituzte, «parte hartzen dutenek artistei zuzenean galdetzeko aukera izango dute, eta artistek espazio bat beren lana erakusteko».
Aita Labururi tartea
Jai giroan antolatu dute aurtengo Lupa, urteurrenaren harira, «pelikula arraroagoak aukeratzen saiatu gara eta egitaraua osatzerakoan Aita Labururen gaineko ekitaldia antolatu dugu». Jose Antonio Laburu Olaskoaga jesuita bizkaitarra euskal zinearen aitzindaria izan zen. Euskadiko Filmategiak pasatako artxiboen artean aukeratuta pieza bat sortu dute Luparen antolatzaileek, eta Gartxot Unsainek musika jarriko die irudiei, zuzenean. «Emanaldi polita izango da, ziurtatu dute.
Bidea ondo egiten ari direla erakusten duen neurgailurik onena sortzaile eta ikusleen harrera da: «Sortzaile batzuen lanak jasotzerakoan galdetzen diegu ea nola izan duten gure berri, orduan aipatzen digute Lupan izandako beste sortzaileren baten bidez ezagutu gaituztela, eta hark gomendatu diela gurean parte hartzea, gustura sentitu delako mostran. Hori pozgarria da benetan, izugarria. Bertatik pasatako egile askok gomendatu dute Lupa. Jendeak badaki zinema ezberdin bat ikusiko duela gurean, eskertzen du hori».
Alvaro Ledesmaren Autorretratos Kikara kafe saltokian.
Goxoa da Lupa, hurbila, ia magikoa, ikusezina ikusarazteko gai delako, eta antolatzaileek argi dute bertan altxorrak aurkitzen direla gehienetan «deskubritzen dira inperfektoak diren lanak, baina autentikoak».
Hilaren 11tik 14ra bitartean izango da Lupa Dokumentalen Mostraren X. ekitaldiaz gozatzeko aukera Mikelazulo Kultur Elkartean eta Donostiako Guardetxean; gaurtik, ordea, herri erdialdeko hainbat saltokitan hamabi artistek osatu duten Ez-Lekuak erakusketaz.
Egitaraua
- Osteguna, 11. Mikelazulon, 19:00etan hasita, Lisbeth, Anatomía de una mirada, eta Mothertonge dokumentalen emanaldia.
- Ostirala, 12. Mikelazulon, 18:00etan hasita, Juana, Dos sueños despues, eta Rosalía dokumentalen emanaldia. 20:00etatik aurrera, Desayuno con pastillas, Vai Chover, Area de descanso eta Atrezzo.
- Larunbata, 13. Mikelazulon, 11:00etan hasita, prozesuan dauden lanak; Donostiako Guardetxean, 19:00etan hasita, X film, Encore la nuit eta Una vez fuimos salvajes; 21:00etatik 03:00etara, ikus-entzunezko kontzertuak Gartxot plays Aita Laburu, De viaje, Musica y bicis eta KXdj-Lupa Vj.
- Igandea, 14. Rouge elea konpainiaren Ceci est la couleur de mes rèves antzezlana, 19:00etan, Niessen kulturgunean.