Errauste plantarik ez dute nahi

Errauste planatren aurkako elkarretaratzea atzo.

Errauste planatren aurkako elkarretaratzea atzo.

Elkarrateratzeak deitu zituen atzo arratsaldean EAM Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak Gipuzkoako herri guztietan. Zubietako errauste plantaren obrak martxan dira jada. Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den astean iragarri zuenez, atzo abiatu zituzten lanak, eta bihar egingo dute inaugurazio ofiziala, lehen harria jarrita. Errauste plantaren lanak gelditzeko eta herritarren eskaera entzun dezatela eskatzeko hamarnaka lagun bildu ziren Errenteria-Oreretako Niessen merkatalgunearen sarreran.

Errauste planta “inposatua” ezin dutela onartu datozen 35 urteetarako esan zuten bildutakoek: “Gure osasuna, ingurumena eta denona den finantza publikoa kaltetuko ditu. Lurra planeta bakarra da, mugatua, eta ezin dugu segitu berdin, erabili eta bota, erabili eta bota…”.

Krisi garaiak direla nabarmendu zuten bestalde, “krisi ekonomiko sakona bizi dugu eta horrek, krisi soziala, politikoa, humanitarioa eta osasun krisia ere eragin ditu”. Langabezia, lanpostuen prekarietatea, etxe kaleratzeak eta pobrezia gero eta ugariagoari inbertsio “faraonikoekin” erantzun diotela administrazioek salatu zuten, “horietan xahutu dituzte diru publikoak, inbertsio sozial guztietan murrizketak egiten dituzten bitartean: osasungintzan, irakaskuntzan, gazteei begirako laguntzetan, ezindu eta pobreenen laguntzetan”.

Errauste planta, alferrikakoa

Atzera begira jarri ziren elkarretaratzearen deitzaileak errauste plantaren aurkako borrokak bide luzea duela egina gogorarazteko: “Urteak daramate errauste planta Gipuzkoan egin nahian zerbitzu publikoekin aberasten diren hainbat enpresa handi ustelak eta lotsa gutxiko hainbat politikarik. Erraustegia oraindik eraiki gabe egotea, ez al da garaipen bat izan?”.

Errauste plantak alternatibak badituela erakutsi duela Gipuzkoak erantsi zuten, “erraustea baino garbiagoak, osasuntsuagoak eta merkeagoak. Gipuzkoako udalerrien erdian baino gehiagotan egunero dago martxan hondakinen kudeaketa alternatiboa. Gipuzkoan erakusten ari gara ez dagoela hondakinik erre beharrik”. Berdintasuna ere eskatu zuten, “betebeharretan eta eskubideetan. Denen betekizuna delako hondakinak murriztea eta sortutakoak ondo sailkatu eta tratatzea”.

Gipuzkoako Foru Aldundia gobernatzen duten alderdiei eskaera zehatza egin zieten atzo bildutako herritarrek, proiektua geldi dezatela eta herritarrek eskatzen dutenari jaramon egitea. Atzoko mobilizazioak segida izango duela gogorarazi zuten azkenik eta herritarrak mugitzera deitu zituzten. Bihar, hilak 10, elkarretaratzea deitu dute Lasarte-Orian Bugati ondoan goizean. Hilaren 27an, berriz, Zubietan Erraustegiaren Aurkako Eguna antolatu dute.

 

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

 

Albiste irakurrienak

Send this to friend