Sortu, eraiki, amestu... irakurriz
Donibanen auzolanean ari dira liburutegi berrirako altzari bat eraikitzen; txalupa bat da, irakurketa intimoa laguntzeko.
Donibanen auzolanean ari dira txalupa bat eraikitzen, liburutegi berrirako.
Donibanen hasiak dira liburutegi berrirako itsasontzia eraikitzen. Irakurketa txokoan jarriko dute, txalupa barruan sartu eta “irakurketa intimoa” ahalbidetzeko. Auzolanean eraikiko dute txalupa. Haur, guraso, nerabe, gazte, aiton-amonak… denek egingo diote ekarpena.
Auzolanerako lehen saioa, maketa sortzekoa, larunbatean egin zuten. Donibaneko Liburutegiaren Lagunek eta Pasaiako Irrizaleek antolatu zuten tailerra. Iragarri dutenez beste bizpahiru saioa egingo dituzte, Albaolako arotzen laguntzaz, altzaria osatu eta liburutegi berrian porturatzeko.