Bigarren Euskal Jaia egiten ari dira Oiartzunen. Goiz partean soilik, 300 lagunetik gora aritu dira kaleak girotzen.
Muxikoek ere hartu dute parte Euskal Jaian.
Euskal Jaia ospatzen ari dira gaur Oiartzunen. 10:00etan hasita 11 ekitaldik hartu dute plaza eta hamarnaka oiartzuar batu dira festara. Azoka, dantzariak, muxikoak, abesbatza, taloak. Eskerrak eman dizkie bildutako herritarrei Josune Cousillas zinegotziak: “Pozgarria da gaur hemen, Oiartzungo plazan Euskal Jaiaren inguruan hainbeste jende bilduta ikustea”. Parte hartzaileei bezala, antolatzaileei eman dizkie eskerrak Cousillasek.
Jaian parte hartzen ari diren guztiak, euskal kulturarekin zerikusia duten eragile zuzenak direla gaineratu du zinegotziak, “etengabe ari zarete lanean, eta , eta zuen ahaleginari esker, gure herriaren identitatea mantentzen eta ziurtatzen da. Euskal gizartea eta nortasunarentzat pizgarri eta akuilu zarete”.
Euskal Herriko eta Oiartzungo “berezitasun nabarmenena” euskara dela erantsi du, “euskaraz egiten duzuen hitz bakoitza, esaera edo esaldiarekin indarberritu egiten da gure iragana, eta batez ere, etorkizun hobea eskaintzen diogu gure hizkuntzari”.
Gaurko ekitaldia “folklore hutsean” ez gelditzeko deia ere egin du, “gure erronka behar luke egunero, momenturo, gure hizkuntza erabiltzea. Horrek ahalbidetuko baitu eta ziurtatu gure kulturaren, euskal kulturaren transmisioa”.
Bigarrena
Bigarren ekitaldia izan du gaurkoa Euskal Jaiak eta antolatzaileek ere esker hitzak izan dituzte parte hartu duten guztientzat. Goizean zehar, 300 pertsona inguru aritu dira Oiartzungo kaleak alaitzen eta festa giroak arratsaldean izango du segida. Argi dute Oiartzunen, euskal kulturak landatu dituela haziak, “eta fruituak ikusteko gaur hona azaltzea baino ez dago”.