Ashleigh Moolman-Pasio, Van Vleuten eta Garfootek inguratuta.
Emakumeen Biraren bosgarren eta azken etapa Errenteria-Oreretan hasi eta bukatu da gaur goizean. 95 kilometroko etapa egin dute txirrindulariek, eta Arkale eta Jaizkibel mendateak pasatu behar izan dituzte.
Azkeneko mendate horretan jo du erasoa Ashleigh Moolman-Pasiok. Hegoafrikarra laugarren zen sailkapen orokorrean, Katrin Garfoot liderrarengandik 34 segundura. Gailurretik 11 kilometrora zeukaten helmuga, eta aldeari eutsi dio Moolman-Pasiok, Bakarrik pasatu du azken pankarta, eta han jasotako gainsariak Emakumeen Bira poltsikoratzea lagundu dio Cervelo-Bigla taldeko txirrindulariari. Hamar segundora sartu da Annemiek Van Vleuten, eta hamabira Katrin Garfoot, liderra zenak.
Azken podiumeko maila altuenera igo da Moolman-Pasio, Oricako Van Vleuten eta Garfootek lagunduta. Ane Santesteban errenteriarrak ezin izan du bere herrian profeta izan. Hamabigarren postuan bukatu du Bira, irabazlearengandik bi minutu eta 42 segundora. Lierni Lekuona lezoarra, berriz, 29. izan da sailkapen orokorrean, 9:24ra.
[Txirrindularien iritsiera eta podiumeko argazkiak, bihar].