Trintxerpeko sutean kaltetuek poza adierazi dute beren etxeak berreraikitzeko baimena lortu dutelako; 2015. urteaz geroztik udalak oztopo ugari jarri dizkiela salatu dute bizilagunek.
Udalak oztopatu dituela salatu zuten agerraldian Trintxerpeko sutean kaltetuek.
Ostirala, eta aspaldiko partez, ospatzeko eguna. Pozik agertu ziren lehenego ostiralean orain dela hiru urteko Urte Zahar eguneko sutean etxea galdu zuten bizilagunak. Kostata, baina, azkenean lortu dute etxeak berreraikitzeko udal baimena, eta poza adierazi zuten prentsa aurrean, epe ahalik eta motzenean etxeak eraikitzen hasi, eta dena ondo bidean, 2018. urtea etxe berrietan agurtzeko aukera izango dutelako.
Agerraldian, baina, dena ez zen gozoa izan. Orain arteko prozesuari buruzko iritzia publikoki plazaratu nahi izan dute kaltetuek. Eskertu egin zuten jaso dute laguntza, Eusko Jaurlaritzarena, Aldundiarena, Pasaiako udaleko gizarte zerbitzuena, eta Pasaiako nahiz inguruko norbanako askorena.
Horiek esanda, Pasaiako Udalak ez diela inoiz laguntza ekonomikorik eman argitu nahi izan zuten, eta nabarmendu zuten, aurreratutako diru guztia gerora ordaindu dutela.
“2015. urtera arte dena nahiko ondo joan zen”, adierazi zuten bizilagunek, “baina hortik aurrera arazo garrantzitsuak sortu dizkiguten zailtasunekin egin dugu topo”.
Poza adierazi zuten bizilagunek, azkenik, beren etxeak berreraikitzeko baimena eskuratu dutelako.
Ekaitz Ezeiza eta Amaia Agirregabiria alkate ohiaren laguntza eskertu zuten espresuki, baina udaleko “gainontzeko pertsonalari “enpatia falta eta profesionaltasun eza” egotzi diete. Bizilagunen iritziz, udal teknikariek “akats ugari” egin dituzte, eta udala ez da horiek onartzeko gai izan.
Horrez gain, uste dute luzeegi jo duela arau subsidiarioak aldatzeko denbora, baita eraikitzeko lizentzia ematekoa ere. Horren ondorioz, lanak atzeratu eta horrek galera ekonomi handiak ekarri dizkiela salatu dute.
Edonola ere, baikor bukatu zuten agerraldia: “Baimena dugulako gure poza berretsi nahi dugu, eta espero dugu egiteke dagoen bidea azkar eta oztoporik gabe egin ahal izatea”.