Grebara deitu dute bihar hezkuntza publikoan ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Hilabeteko bigarrena izango dute,
Manifestaziora deitu dute bihar EAEko hiru hiriburuetan hezkuntza publikoko langileek. Argazkia: Iñaxio Esnaola-Irutxuloko Hitza
Grebara deitu dute bihar hezkuntza publikoan ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Hilabeteko bigarrena izango dute, aurreko asteartean ere greba egin zuten, eta martxoan hiru sindikatuek deitu zutena kontuan hartuta, hirugarrena. Irakasleak, Heziketa Bereziko langileak, sukaldari eta garbitzaileak eta haur eskoletako hezitzaile eta langileak daude deituta.
Hezkuntza inbertsioa handitzea eskatu nahi dute protestaren bidez eta behin behin-behinekotasuna %40tik %6ra jaistea. Ikasle ratioen murrizketa ere eskatuko dute protestaren bidez, %10era zehazki, eta plantilak gutxienez 2.000 langileetan handitzea. Une honetan ordezkapenak ez dira lehen egunetik egiten, eta hala izatea eskatuko dute sindikatuek, baita bajak lehen egunetik osotasunean ordaintzea ere.
LOMCE ikastetxeetatik ateratzea eta Heziberri bertan behera uztea dute beste eskaera. Horrekin batera, ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea eskatuko dute.
Joan den astearteko greba egunarekin langileen %80ak bat egin zuela azaldu du Julen Urkia LAB sindikatuaren Irakaskuntzako kideak, “positiboki baloratzen dugu parte hartzea, pultsua mantentzen ari garelako. Biharko protestaren aldarrikapenak berberak izango dira, Hezkuntza Sailaren aldetik erantzunik ez dugulako jaso”.
Asteburuan izandako manifestazioekin ere baikor azaldu da Urkia. Jendetsuak izan dira EAE Euskal Autonomi Erkidegoko hiru hiriburutan. Hezkuntza langileekin batera, familia eta ikasleek hartu dute parte horietan eta garrantzitsua iritzi dio azken horri LABeko kideak, “grebara lan baldintzak hobetzeko deitu dugulako, baina baita ere hezkuntza kalitatea hobetu eta bermatzeko. Horren harira oso garrantzitsua iruditzen zaigu familiek bat egitea”.
EAEko hiru hiriburuetan egingo dituzte manifestazioak bihar LAB, ELA eta Steilas sindikatuek. Donostiakoa 12:00etan abiatuko da Bulebarretik.