Euskara, kultura eta gizarte-ongizate beharrei erantzungo die eraikin berriak. Eragileekin bildu dira, diagnostiko prozesua egiteko helburuarekin.
Gazte Izanak-en eraikina dagoen eremua berriro diseinatu nahi dute.
Euskara, kultura eta gizarte-ongizate arloetan hutsune bat ikusten du Oiartzungo Udalak: esparru horietan egiten diren jarduerei aterpe emango dion eraikin bat, herriko hainbat eragilek egindako eskaerari erantzuteko.
Horregatik, proiektu baten hastapenetan da udala: euskara, kultura eta gizarte-ongizate arloetan dauden behar horiei konponbidea ematea helburu duen eraikin bat egiteko proiektua lantzen hasi dira. Eraikin hori egun Gazte Izanak jubilatuen elkartea dagoen inguruan altxako lukete (Mendiburu kaleko 14. zenbakian).
Lehen urrats bezala, egoeraren diagnostiko prozesua egin dute. Azken asteetan kultura, euskara eta gizarte-ongizate sailetako udal teknikariak eragileekin elkartu dira, bakoitzak dituen beharren informazioa jasotzeko asmoz.
Eragile horiek euskalgintzakoak, antzerkigintzakoak, dantzakoak eta musikarekin lotuta daudenak izan dira, besteak beste. Horrez gain, egungo egoitzaren egoiliar den Gazte Izanak elkartearekin ere bildu dira Oiartzungo Udaleko teknikariak.
Prozesua Astazaldi arkitektura estudioak gidatu du. Hirigintzako prozesuetan espezializatuta dauden profesional horiek berberek idatziko dute aurreproiektua.
Landetxe plazan, eragina
Oiartzungo Udalak jakinarazi duenez, dauden beharrak eta aukerak aztertu dituzte. «Eraikina Mendiburu kaleko 14. zenbakian dagoen eremuan planteatu da, beharrei erantzuteko egokia delakoan», esan dute. Proiektu horrekin batera, Landetxe plaza berrituko lukete, eta horregatik, plazan bizi diren bizilagunekin bildu dira.
Udalaren asmoa da proiektua herritarrekin partekatzea eta osatzea, zuzeneko informazioa emateko eta oiartzuarren proposamenak jasotzeko. Horretarako, uda hasieran, aurkezpen publikoak eta ekarpenak egiteko aukerak eskainiko dituztela iragarri dute.