Eskualde bat, bi errealitate

Oarsoaldearen egoera ekonomikoaz mintzatu ziren jardunaldian.

Oarsoaldearen egoera ekonomikoaz mintzatu ziren jardunaldian.

Ekonomia Gurean jardunaldia egin zuten asteartean Xenpelar Etxean, Tokikom Toki Komunikabideen Bateragunearen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Oarso Bidasoko Hitzaren eskutik. Mahaiaren bueltan Oarsoaldea eskualdeak bizi duen egoera ekonomikoaren argazkia egin zuten Maider Elizasu Pasaiako Portu Agintaritzako Ustiapen arduradunak, Aitziber Izagirre Tumaker enpresaren Ustiapen eta Hizkuntza arduradunak, eta Mikel Navarro Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko ordezkariak. Etorkizunera begira ere jarri ziren, aukera ekonomikoak nondik etor daitezkeen aurreikusteko. Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Behemendi Landa Garapenerako elkarteak ere egin zituzten beren ekarpenak.

72.000 biztanletik gora ditu Oarsoaldeak eta kokapen estrategikoa du. Hiriburutik gertu dago,   baita Ipar Euskal Herritik ere.  Itsasoa eta portua bertan ditu, baita garraiobide sare zabala ere; horiek guztiak, ekonomiarentzat estrategikotzat eman zituzten.

Orkestra Institutuak lehiakortasunerako aldagaiak neurtzen ditu. Oarsoaldean ezin dela aldagai horien gaineko irakurketa  orokorra egin esan zuen Navarrok, eskualde bakarrean, bi errealitate daudelako: «Normalean eskualdeen irakurketa homogeneoak egiten ditugu, baina honetan bi errealitate ditugu. Batetik, Errenteria eta Pasaia daude, eta bestetik, Lezo eta Oiartzun. Udalerri txikienak dira hoberen daudenak kasu honetan, Lezo eta Oiartzun. Errenta mailan Gipuzkoaren batez bestekoaren mailan daude, eta Errenteria eta Pasaia, berriz, askoz baxuago. Aldagai guztiei erreparatuta, hobeto daude Lezo eta Oiartzun, bigarren hori batez ere».

Oarsoaldea Donostiaren menpe dagoela gaineratu zuen Navarrok. «Hiriburuak asko markatzen du eskualde honen bizimodua». Oarsoaldean sektore garrantzitsuenak ere ezberdinak direla, herriaren arabera, erantsi zuen. Errenteria eta Pasaian zerbitzuak (batez ere garraioa eta biltegiratzea), merkataritza eta hazten ari den turismoa gailentzen diren bitartean, Oarsoaldean dagoen industria Oiartzun eta Lezon kokatzen da gehienbat, Navarroren esanetan.

Pasaiako portua
Ibilbide luzea du Pasaiako portuak. Oarsoaldeko enpresa ugarik ematen dute zerbitzua bertan, baina ez dute, ordea, garraiobide bezala erabiltzen. Elizasuk azaldu zuenez, portua erabiltzen duten enpresa nagusiak automobilgintza eta siderurgiari lotutakoak dira, eta halakorik ez da Oarsoaldean. Olaberria eta Bergarako Arcelor Mittal eta, Zaragozako General Motors, Landabengo Volkswagen eta Gasteizko Mercedes dira bezero nagusiak.

Bi sektore horien joerak portuan eragin handia duela, eta zeharka bertan dauden enpresengan ere baduela eraginik azaldu zuen Elizasuk.
Nafarrora doazen garia eta ongarriak ere Pasaiako portutik bideratzen dira: «Hiru arlo horiekin lan egiten dugu nagusiki, eta automobilgintzan datuak onak dira, esportazioak mantenduko dira». Siderurgian izandako krisiak eragin diela esan zuen portuko ordezkariak. «Bestalde, Arcelorrek Zumarragako planta itxi zuenean bertan eragin zuzena izango zuen, baina portuan ere izan zuen, eta joan-etorriak egiten zituen kamioilarien enpresak galera handia izan zuen», zehaztu du Elizasuk.

Erresuma Batua dute portuko zamek helmuga nagusienetako bat, eta horretan Brexit-ak ere eragina izan duela gaineratu zuen portuko ordezkariak.

Tumakerren esperientzia
3D inpresio teknologia garatzen du Tumaker enpresak. 3D inpresorak fabrikatzen ditu, alegia. 2012an hasi zuen bidea eta batez ere industriari begira aritu dira lanean. Izagirrek esan zuenez, makinekin batera, enpresek eskatzen dituzten zerbitzuak eskaintzen dituzte, eta batez ere Euskal Herrian egiten dute lan. Ez dira horretara mugatzen, alboko bi estatuetako enpresekin ere ari baitira lanean.

Teknologia berriak enpresa txiki eta ertainetara aplikatuta aritu dira lanean, eta orain erronka berria dute, teknologia hori hezkuntzara eta etxeetara eramatea, mundu osoan barrena. Jauzi handia dela esan zuen Izagirrek, baina erronkari fin erantzuteko lanean ari dira.

Bi enpresen esperientziari erreparatuta, eta Orkestraren azterketekin egin zuten egungo egoera ekonomikoaren irakurketa. Baina etorkizunean Oarsoaldeak jorratu beharreko bideari ere so egin zioten. Navarrok argi du: «Nonbaitetik jo beharko banu, portutik joko nuke. Eskualde honek duen berezitasun handiena hori da, eta ustiatu egin beharko litzateke».

Hiru bide etorkizunerako
Bidea argi du, baina gogoeta egiteko beharra ere nabarmendu zuen Navarrok: «Portua nahiko egoera egonkorrean bizi izan da orain arte automobilgintza eta siderurgiarekin. Baina epe luzera, zenbat eman dezake horrek?». Aldatzea ez dela erraza esan zuen, baina zalantzarik ez du: «Bide berriak bilatu behar dira».

Inbertsio handiak dira beste aukera, eta horren harira, Oarsoaldea Garapen Agentziak lan txukuna egiten duela nabarmendu zuen. «Saiakera batzuk egin ditu halako inbertsioak Oarsoaldera erakartzeko», argitu zuen.

Hirugarren bide bat ere zabaldu zuen Orkestrako ordezkariak, lanbide heziketarena. Izan ere unibertsitaterik ez da Oarsoaldean, baina lanbide heziketa zentroak bai. «Oso indartsuak dira, eta lan handia egiten ari dira». Horretan oinarrituta, ekintzailetasuna eta dibertsifikazioan inplikatu beharko liratekeela esan zuen Navarrok: «Hemen da Tknika, munduko puntako zentro bat. Horiei begiratu, elkarlanean hasi eta bide berriak urratu beharko lirateke».

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Albiste irakurrienak

Send this to friend