I. Energiaren astea antolatu du Errenteriako Udalak, hilaren 15etik 22ra. Gizartea sentsibilizatzea du helburu udalak astearen bidez,
Bengoetxea eta Irastorza gaurko agerraldian astea aurkezten.
I. Energiaren astea antolatu du Errenteriako Udalak, hilaren 15etik 22ra. Gizartea sentsibilizatzea du helburu udalak astearen bidez, “herritarrek, beren kabuz, egunerokotasunean energiaren erabilera egokiaren alde jardun ahal izatea eta ingurumen kontzientzia handitzea”, Jose Cruz Legorburu Ingurumen zinegotziak astea aurkezteko egindako agerraldian esan duenez.
2020 urterako errenteriarrek 2007an baino %20 CO2 gutxiago isurtzeko helburua jarri du udalak Errenteriako Energia Iraunkorrerako Ekintza Planaren barruan, “erronka horren aurrean, pausoak emateko ezinbesteko jarduerak antolatu ditu udalak”.
Hitzaldiak, film emanaldia eta Energia Azoka antolatu ditu astearen barruan udalak. Gaurkotasuna duten Garoñako zentral nuklearra eta errausketa izango dituzte hizpide antolatutako hitzaldietako bitan. Aitor Urresti, EHUko irakaslea mintzatuko da Garoñako zentral nuklearraz eta bere bideragarritasuna aztertuko du hilaren 15ean (osteguna) 19:00etatik aurrera Xenpelar Etxean. Errausketa eta hondakinen energiaren balorizatzeaz Gorka Bueno EHUko irakaslea arituko da eta Zabalgarbiko kasua azalduko du. Horiekin batera Goiener erakundeak elektrizitate faktura ulertzeko eta doitzeko klabeak emango ditu, energia termikoa eta elektrikoa aurrezteko moduen, eta eraikinen energiaren birgaitzearen gaineko hitzaldiak ere antolatu ditu udalak.
Ekitaldi nagusia hilaren 17rako (larunbata) antolatu du udalak. Nikolas Bengoetxea Iraunkortasun teknikariak azaldu duenez, Energia Azoka egingo dute Zumardian 10:00etatik 14:00etara. Horren barruan Watt erronka, energia ekoizteko erronka egingo dute Hibaika Arraun Elkarteko haur eta kadete neska-mutilek; eta etorkizuneko marka ezberdinetako hamahiru ibilgailu ibilgailu hibrido eta elektrikoen erakusketa izango da. Azken horietako batzuk probatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Usurbilgo Lanbide Eskolaren eta Oscar Jimenez Errenteriako asmatzaileak hartuko dute parte azokan.
Egitaraua
- Hilak 15, osteguna: Garoña. Energia nuklearraren bideragarritasuna hitzaldia, Aitor Urresti UHUko irakaslearekin.
- Hilak 16, ostirala: Mañana filmaren emanaldia 19:30ean Niessen zinematan. Sarrera doan leihatilan.
- Hilak 17, larunbata: Energia Azoka Zumardian 10:00etatik 14:00etara.
- Hilak 19, astelehena: Elektrizitate faktura nola ulertu eta doitu, Goienerren eskutik 19:00etan Xenpelar Etxean.
- Hilak 20, asteartea: Errausketa, hondakinen energia balorizatzea? Zabalgarbiko kasua, Gorka Bueno EHUko irakaslearen hitzaldia.
- Hilak 21, asteazkena: Eraikinen energia birgaikuntza, praktika egokiak eta diru laguntzak, 19:etan Xenpelar Etxean Izaskun Rekarte, Eujenio Olaizola, Iñaki Retegi eta Xabier Sanchez arkitektoekin.
- Hilak 22, osteguna: Nola aurreztu energia termikoa eta elektrikoa etxebizitzetan, 19:00etan Xenpelar Etxean Uhinak enpresako Rafa Irastorzaren eskutik.