Gure Esku Dagok mosaiko handia egingo du bihar Bilbon, eta Herritarren Ituna aurkeztu
Galdera ikur bat egin zuten gaur zortzi. Bihar handiagoa egingo dute.
Erabakitzeko eskubidearen aldeko zita garrantzitsua jarri dute biharko. Gure Esku Dagok galdera ikur handi bat irudikatuko du bihar arratsaldean, Euskadi plazatik Plaza Eliptikora (17:30ean hasiko da). Horrez gain, Herritarren Ituna ere aurkeztuko dute. Motorrak berotzen joateko, pasa den ostiralean galdera ikur bat irudikatu zuten Oiartzunen.
Dokumentu mardula da itun hori, eta zati batzuk aurkeztuko dituzte. Gure Esku Dago dinamikak atzo bete zituen lau urte, eta epe horretan bildutako ideia eta proposamenekin osatu dute Herritarren Ituna.
Gainera, Katalunian gaur bertan jakinarazi dute noiz izango den galdeketaren eguna. Urriaren 1ean izango da.
Autobusa Oiartzundik
Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, eta Kataluniakoari hauspoa emateko, bihar arratsaldean Bilbora joateko deia egin dute. Oiartzundik autobusa 15:00etan aterako da —ordua aldatu dute—, Manuel Lekuona bibliotekaren pareko autobus geltokitik.
Txartelak Amazkar tabernan edo Garmendi txokolategian eros daitezke, 21:00ak arte. Helduek hamabi euro ordaindu beharko dute, eta ikasle eta langabetuek bederatzi. Prezioaren barruan dago konpromiso txartela (bi euroko kostua du).