Ozeanoen Munduko Egunaren ospakizuna baliatu dute eskualdeko erakunde zientifiko eta talde kontserbazionistek Ulia eta Jaizkibel pareko itsas eremua babes dezatela elkarrekin eskatzeko
Donostia eta Biarritz artean itsas korridorea sortu eta babestearen aldekoak dira argazkian ageri diren elkarte eta erakundeetako ordezkariak.
Hego haizea eta itsasoa bare-bare. Ez lanbro eta ez laino. Eguzkia gogotik. Ezohiko mugimendua dago San Pedron Mater itsasontziaren inguruan.
Ekainak 8 ditu eta Ozeanoen Nazioarteko Eguna da. Pasaian, zita berezia dute Jaizkibel-Uliako itsas ingurunearen balio naturalekiko sentibera diren erakunde zientifiko eta talde kontserbazionistek.
Eguzki Talde Ekologista, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofiziala, Jaizkibel Amaharri, SEO BirdLife eta Itsas Gela elkartu dira Mater itsasontzian, itsaslabarretara irteera bat egiteko. Nabigazioaren helburua: Jaizkibel eta Uliako itsas ingurunean dauden intereseko habitatak eta espezieak ezagutarazi, eta eremua Natura 2000 sarean txerta dezatela aldarrikatzea, itsas eremu babestuen korridore bat sortu eta aurrez daudenei jarraipena emateko.
Jendetza pilatu da moilan, tartean hedabide dezente ere. Guztiak itsasontzira igo ondoren hartu du hitza
Mater museoko zuzendari Izaskun Suberbiolak. Deialdiaren helburuak azalduta aurkezpenak egin ditu. Ondoan ditu SEO BirdLife elkarteko Lucia Peña eta Jose Manuel Cabrita; Euskadiko Biologoen Elkargoko dekano Jon Ander Etxebarria eta Jaizkibel Amaharri elkarteko koordinatzaile Jose Manuel Cortizo.
Biologoen elkargoko dekano Jon Ander Etxeberriak hartu du hitza lehenik, eta gogorarazi du Donostia eta Biarritz arteko itsas eremuan babestutako korridorea sortzeko proposamena beraiek aurkeztu zutela, Ocenarekin batera, 2010. urtean.
Proposamena aurrera atera zedin egin zituzten ahaleginak «hutsean» geratu direla onartuta, gaia berreskuratzearen alde agertu da dekanoa. Etxeberriak nabarmendu duenez, korridorea sortuta, 273 kilometro koadroko itsas eremua eta 1.000 espezietik gora babestea lortuko litzateke.
Bokalearen sorrera
Proposamenaren gakoak azalduta portutik irteteko unea iritsi da. Suberbiolak «erria txikota!» aginduta, itsasoratu da
Mater. Helmuga Jaizkibelgo Turruia lurmuturra, eta bidean, adituen azalpenak.
Bokalera gerturatu ahala hasi dira Jaizkibel Amaharri elkarteko Cortizoren azalpenak, geologiaren gainekoak. Bokalea nola sortu zen azaldu du lehenik: «Aiako Harria orain dela 280 milioi urte inguru urgaineratu zen», kontatu du. «Gainontzeko lurraldeak ur azpian jarraitzen zuen artean, orain dela 60 milioi urte inguru, badiaren inguruko itsas hondoak azalarazten hasi ziren arte», jarraitu du.
Urak, baina, beti topatzen du bere bidea, eta Aiako Harritik zetozen erreka eta errekastoek, beren indarrez, indar tektonikoek sortutako hareharrizko mendian errail bat sortzen joan ziren, itsasorako irteera bat lortu zuten arte. Pasaiako bokalea.
Itsaslabarren ezaugarriak, Jaizkibelgo geoformen edertasun eta berezitasuna… Flysch-aren zatirik gazteena da Ulia eta Jaizkibel artekoa, eta askorako ematen du gaiak. Baina dibertsitatea handia da, eta aberastasuna esparru askotakoa. SEO BirdLife elkarteko kideen txanda da.
Landaretza eta hegaztiak
SEO BirdLife elkarteko Lucia Peñak landaretzaren gainekoak azaldu ditu, eta ondoren, bere elkarteko Jose Manuel Cabritak hegaztien gainekoak. Nabarmendu dutenez, ez dira gutxi zaindu beharreko espezieak.
Aditzera eman dutenez, Jaizkibel eta Uliako itsaslabarretan 11 habitat natural daude, eta horiez gain, babestu beharreko 37 hegazti espezie.
Itsaslabarrak, gainera, espezie askoren migrazio prozesuan ezinbesteko geltoki direla nabarmendu dute, eta ugalketarako ere garrantzia handiko guneak direla ohartarazi. Sai zuriak, belatz handia, ubarroi motaduna… luzea da itsaslabarretan dabiltzan hegaztien zerrenda.
Landaretzaren ikuspegitik ere Jaizkibel eta Ulian ez dira falta altxorrak. Armenia euscadiensis ezin aipatu gabe utzi. Euskal landare endemikoa da, Villano eta Higer lurmuturren arteko itsaslabarretako berezko espeziea. Ez da, ordea, zaindu beharreko espezie bakarra. Txilardia, haritza…
Konturatzerako Asabaratza zeharkatu eta Turruia lurmuturra bistan da. Itzulia eman du Mater-ek, oraingoan Uliara bidean. Bien bitartean, Izaskun Suberbiolak hartu du berriro hitza, eta itsas hondoko dibertsitateari erreparatu dio.
Itsaslabar arrokatsuak, itsas hondoko hareatza aberatsak, eta espezieak, ugariak, asko eta asko mimoz zaindu beharrekoak. Zentzu horretan, gelidium alga gorriaren gaineko kezka agertu du Suberbiolak, itsasoko ura epeldu ahala biomasa txikitzen ari delako. Baita berdela gero eta urrutiago doala ohartarazi, ur hotzago baten bila. Pasaiako baxurako arrantzaleen kala ere bada Jaizkibel parekoa.
Eta horiez gain zetazeoak hartu ditu hizpide Suberbiolak. Izurde arruntak, marradunak, kaxaloteak, xibartak… «oso aberatsa da Kantuari itsasoa», baietsi du itsas zientziatan adituak.
Horregatik hain zuzen, biodibertsitatearen ikuspegitik aberatsa den inguru bati eutsi nahi diotelako batu dituzte indarrak Ozeanoen Munduko Egunean inguruan lan egiten duten elkarteek, hain gertu eta era berean hain urrun den altxor ezezagunari erreparatu, arreta jarri eta babes dadila aldarrikatzeko.
Gaiak interesa piztu du. Luze doaz azalpenak, eta konturatzerako
Mater Ulia parean da, Platako Farolaren itzalpean, Senokozuloa keinuka. Hegaluze mokadutxoa hartu eta itzuleraz gozatzeko unea da,
Mater atunontziaren brankatik bokalearen kanpoko ikuspegiaz gozatzeko momentua. Hausnartu, bizi, sentitu, eta… inguruneaz gozatu.
Gure ozeanoak, gure etorkizuna, halaxe dio Ozeanoen Nazioarteko Egunaren leloak. Eta merezi du. Bistan da.
Izaskun Suberbiola (Itsas gela): «Denok gara ekosistema aberats honen partaide»
Izaskun Suberbiola, Mater museoko zuzendaria.
Itsas Gela elkarteko kide eta ‘Mater’ itsasontzi museoaren zuzendaria da Izaskun Suberbiola. Itsas Zientzietan aditua, pasaitarrak primeran ezagutzen du Jaizkibel eta Uliako itsasertza
Modu berezian ospatu duzue aurten Ozeanoen Munduko Eguna Pasaian. Zergatik?
Gure inguru itsastar honetan baditugulako balio ekologiko handiko guneak eta guri, erakunde ekologista eta zientziaren munduan gabiltzanoi, tokatzen zaigulako balioan jartzea eta ezagutaraztea.
Horretarako Mater itsasontzian irteera antolatu duzue, aberastasun hori bertatik bertara ikusteko, itsasoz.
Bai, eta elkarte bakoitzak bere esparruko azalpenak eman ditu. Horrez gain, Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak Oceanarekin batera, Jaizkibel eta Ulia pareko itsas zonaldea erreserba izendatzeko egin zuten proposamena aurkeztu dugu.
Egia esan, toki hau, hurbila izanik ere, oso ezezaguna da, eta jende gutxik du aukera itsasotik ikusteko. Aitzitik, mundu osoko adituen arreta bereganatu du.
Zergatik? Zuk zeuk zein balio nabarmenduko zenituzke Jaizkibelen eta Ulian?
Habitaten zuzentarauan agertzen diren habitat eta espeziez gain, geologiaren ikuspegitik ere interesgune oso garrantzitsuak daude. Chevron itxurako itsaslabarrak, zintzilikatutako haranak dituztenak Jaizkibelgo Pasaia aldean, baita Turruia lurmuturrean Koloreen Harana deitzen dena ere, hareharriaren kolore hori eta gorriak tartekatzen dituena…. Oso leku ezezagun eta ikusgarria da.
Aurrerago ere, Hondarribia aldean, paramoudren hondartza handi bat dago, munduan ezagutzen den handiena, formazio esferiko oso bitxiekin.
Formazio horiek mundu osoko geologoen arreta erakartzen ari dira, ezta?
Bai, hala da. Baina Jaizkibelgo formazio geologikoek aspalditik piztu dute bisitarien arreta. Victor Hugok, 1843. urtean Pasaia aldean ibili zenean, Les Pyrenees liburuaren idatzietan, Jaizkibelgo hareharriaz idatzi zuen.
Hareharria disolbatzen denean formazio geologiko eta geoforma berezi-bereziak sortzen ditu. Horregatik guk, ibilbide honekin, lur eta itsasoaren arteko lotura hori ezagutarazi nahi izan dugu, eta nabarmendu itsaslabarretan bizi diren espeziek bai lur eta bai itsasoko babesa behar dutela behar bezala elikatzeko eta ugaltzeko.
Itsas eremuaren babes beharrari bereziki erreparatu nahi izan diozue, ezta?
Bai. Gaur egun lurra babestuta dago, Natura 2000 Sarearen bidez. Kontserbazio Bereziko Eremu gisa kontsideratuta daude Jaizkibelgo nahiko hektarea, baita Uliako itsaslabarrak ere, baina, ur eremuak ez du babesik, eta bertan bizi diren hainbat espeziek, zentzu horretan, jarraipen bat behar dute. Gainera Frantzia aldetik datorren korridoreari jarraipen logiko bat emango lioke Jaizkibel eta Uliako itsas korridoreak, batez ere, bertan bizi diren itsas espeziek zabalgune handiago bat izateko.
Europan badago horrelako itsas eremu erreserben gabezia bat. Hemen Kantauri itsasoan bakarra dugu, eta Euskadiko Biologoen Elkargo Ofizialak Oceanarekin batera egindako proposamenak behar hori nabarmentzen du.
Jaizkibel eta Ulia pareko itsas eremua Natura 2000 Sarean txertatzeko eta itsas korridorea sortzeko proposamena ez da berria, baina erakundeek, gaur-gaurkoz, ez dute bere egin. Zergatik?
Gauza guztietan bezala, gizarteak ere hori antzeman behar du, eta horretarako lanean ari gara gu. Azkenean, hori da ingurumen hezkuntzaren helburua ere, erakustea, ezinezkoa delako ezagutzen ez dena zaintzea eta maitatzea. Ezagutzen ez baduzu, nola zaindu eta babestu? Guri dagokigu hori ezagutaraztea eta irteeraren helburua horixe izan da.
Jaizkibel eta Ulia parean espezie askok dute bizileku, tartean zetazeo askok.
Maiz ikusten ditugu, eta kostaldetik oso hurbil. Orain dela gutxi Zurriolan egon ziren surfistekin igeri. Izurde handiak ziren, mular deitzen direnak. Masopak, izurde arruntak eta marradunak, kaxaloteak… hementxe ondoan ditugu. Egia esan, Kantauri itsasoa oso aberatsa da, eta Jaizkibel parean aberastasun hori begien bistara dago. Oso leku pribilegiatua da, ez dagoelako kutsadura handirik, eta espezie ugarirentzat tokia dagoelako lasai bizi ahal izateko.
Guk balio horiei eutsi nahi diegu, horrek ekarriko duelako aberastasuna, biologikoki, baina baita bestelako aberastasuna ere. Turismo jasangarri bat erakar dezake eta, bide batez, pasaitarrek hain beharrezkoa duten ekonomia sustatu.
Itsasoa babestu ezean mehatxupean lirateke Ulia eta Jaizkibel parean bizi diren espezieak?
Denean bezala, esparru honetan ere, kudeaketa on bat beharrezkoa da. Ez da bakarrik babestea, ondo kudeatzea baizik. Horretarako bertan bizi eta lan egiten duten eragileek elkarlanean aritu behar dute. Denok gara ekosistema aberats honen partaide.Jaizkibelgo lur eremua erreserba izendatuta dago, baina, kudeatzea garrantzitsua da, izendapen horrek bilatzen dituen helburuak bete daitezen. Azkenean bertan lan egin behar da, hemen bizi eta lan egten dugunontzat baliagarria izateko. Eta ez ditugu bakarrik kontuan izan behar espezie bitxi eta mehatxatuak, guzti-guztiak baizik, eta baita gu ere bai: ehiztari, arrantzale, nekazari… Denak garrantzitsuak gara eta guztion artean adostu behar dugu kudeaketa.