'Denak batuz herria askatu!' lelopean Elkartasun Eguna egiten ari dira gaur Errenteria-Oreretan.
Denak batuz herria askatu! lelopean Elkartasun Eguna egiten ari dira gaur Errenteria-Oreretan. Aldarrikapen egunerako hitzaldiak, erakusketak, bazkaria eta manifestazioa antolatu dituzte, beste behin, euskal presoen egoera salatzeko. Gauerako, hainbat kontzertu prestatu dituzte, aldarrikapen eguna biribiltzeko.
Elkartasun Eguna Buruntzaldea, Donostialdea eta Oarsoaldeko
Denak ala inor ez taldeek antolatu dute. Antolatzaileen esanetan, “presoen gaia herritarren artean uztartzen jarraitzeko” egitasmoarekin ekin zioten joan den urtean. “Etxeetan, herriko asanbladetan edota tabernetan gehien maite ditugunak falta dira, sasi bake prozesuak hasi baziren ere, eta gu gazteak, ez gaude prest kartzelak beterik ikusten jarraitzeko, astebururo amaiezinak diren kilometroekin jarraitzeko edota gure kide ziren eta diren lagunak ahazturan erortzen uzteko”, zioten antolatzaileek urtarrilaren 2ko aurkezpenean.
Gaur, helburu berarekin atera dira Errenteria-Oreretako kaleetara, “presoen alde borrokan jarraitzeko”. Gazteak elkartuz, etorkizunean presoen aldeko “dinamika berriak sortzeko” nahiarekin, “denak batuz herria askatzeko”.
Helburu horrekin, goizetik eman diote hasiera Elkartasun Egunari. 10:00etatik aurrera presoek egindako eskulanak jarri dituzte ikusgai, Zumardian kokatutako karpa handian. Bertan, egungo kartzel baten maketa erreal bat kokatu dute, “presoek sufritzen dutena sentiarazi eta ulertzeko”. Ondoren, preso eta iheslarien borrokak eta desobedientzia izan dituzte mintzagai, bertan egin duten mahai inguruan. 14:00etan, bazkariaren txanda iritsi da. Tripak ondo bete ondoren, 17:30ean,
Denak batuz herria askatu! goiburuarekin manifestazio jendetsua egin dute herriko kaleetatik. Manifestazioak Zumardian izan du amaiera, txalaparta saioarekin.
Eguna goizeko ordu txikietara luzatuko da, seguru. The Friday´s Crew, Ardi Baltzak, Egurra ta Kitto eta Txapel Punk taldeak oholtza gainera igoko dira 22:00etatik aurrera, aldarrikapen egunari amaiera emateko.