Mila Zabalo lezoarra, Kepa Olaiz oiartzuarra eta Aran Garmendia oreretarra, errauste plantaren proiektua bertan behera uzteko eskatzeko gose greban daude Donostiako Easo plazan beste hiru lagunekin batera.
Garmendia, Olaiz eta Zabalo Easo plazan gaur.
Errauste planta gelditzea dagoela sinistuta daude. Hamaika mobilizazio jendetsuak, protesta, eta galdeketa eskaerek ez dute errausketa proiektua babesten duten politikarien jarrera aldatzerik lortu momentuz, baina errauste planta bidea ez dela uste dutenak ez daude amore emateko prest. Mila Zabalo lezoarra, Kepa Olaiz oiartzuarra eta Aran Garmendia oreretarra, errauste plantaren proiektua bertan behera uzteko eskatzeko gose greban daude Donostiako Easo plazan beste hiru lagunekin batera. Joan den ostegunean abiatu zuten protesta, eta etzi, asteazkena, amaituko dute. Helburua errauste planta gelditzea da, herritarrak sentsibilizatzen jarraitzea, baita planta babesten duten politikariak presionatzea ere.
Zubietan egin nahi duten errauste plantaren lehen harria jarri zuten pasa den maiatzaren 10ean. “Inaugurazioa antzerkia izan zen. Jendeari jakinarazi behar diogu gelditzea dugula, errauste planta atentatua delako gure osasunaren kontra, herritarron diruaren kontra eta ingurumenaren kontra”.
Komunikabideez ere aritu dira, “hainbatek isilarazi egiten dute errauste plantaren aurkako ekimen oro. Lotsagarria da komunikabide publikoen kasuan”. Hori salatzeko, zehazki, Miramonen EITBren egoitzaren aurrean elkarretaratzera deitu dute gaur arratsaldean.
Gaur izan da HITZA beraiekin, eta ostiralean erreportaje zabala argitaratuko du papereko edizioan.