Hiru ikastetxe izan dira joan etorri iraunkor gehien egin dituztenak: Errenteria-Oreretako Koldo Mitxelena ikastetxea (%54,20), Trintxerpeko Karmengo Ama (%53,89) eta Errenteria-Oreretako Telleri Alde (%50,46).
Sari banaketa gaur goizean egin dute Errenteria-Oreretako Koldo Mitxelena ikastetxean.
Eskola Kirolera joateko garraiobide iraunkorrak erabiltzeko mugikortasun plana landu dute Oarsoaldeko ikastetxeek ikasturte honetan laugarrenez. Lanketa horrek, saria du, eta gaur banatu dituzte Koldo Mitxelena ikastetxean asteburutako partidetan garraiobide iraunkorraren alde egin dutenen artean. Hiru ikastetxe izan dira joan etorri iraunkor gehien egin dituztenak: Errenteria-Oreretako Koldo Mitxelena ikastetxea (%54,20), Trintxerpeko Karmengo Ama (%53,89) eta Errenteria-Oreretako Telleri Alde (%50,46).
Joan etorrietan nota onenak lortu dituzten ikasleek jaso dute oparia. Horren arabera, Koldo Mitxelena ikastetxeak bi bizikleta jaso ditu, eta horiek Amets Lersundi eta Ibai Otaegik jaso dituzte bi ikasle horiek izan direlako bizikletan joan etorri gehien egin dituztenak. Joan etorri berde gehien ere, Koldo Mitxelenak egin ditu, eta Karmengo Ama bigarren sailkatu da, eta berak ere bizikleta bat jaso du. Oiartzungo Elizalde ikastetxeko Aingeru Lorenzok ere irabazi du bizikleta zozketan eta ikastetxe bereko Godhavari Floresek patinetea jaso du partidetara bizikletaz joan etorri gehien egin dituen ikaslea izateagatik.
Sari banaketan Jon Txasko, Oiartzungo Enekoitz Markos, eta Lezoko Irlentz Ortega izan dira, Errenteria, Oiartzun eta Lezoko udaletako Kirol zinegotziak hurrenez hurren.
Lana egiteko aurretik
Eskola Kiroleko jardunaldi guztietan datuak bildu dituztela esan du Txaskok, “ikasle bakoitzari, banan bana galdetu zaio zein garraiobide erabili duen”. Joan etorri horietatik %46,64 izan dira iraunkorrak, oinez, bizikletaz, garraio publikoz edo ibilgailua partekatuz egindakoak, alegia. Ibilgailu partikularrean egindakoak %54,20 izan dira. Azken datu horri erreparatuta, udalek ikastetxeekin batera lanean jarraituko dutela erantsi du Txaskok.
Eskola Kirola da 8tik 12 urtera bitarte haurrek gehien eskatzen duten eskolaz kanpoko jarduera, erdiak baino gehiagok hautatzen du. Horren harira, hiru zinegotziek “kontzientziazio lana” egiten jarraitzera deitu dituzte ikastetxeak, “mundu osasungarri baten alde”.