Ogi Berri Azkuene Triatloi Taldeko kideek 100 kilometroko errelebokako lasterketa bat irabazi zuten larunbatean Santanderren.
Ogi Berri Azkuenekoak, podiumaren koskarik altuenean Santanderren.
Pasaiako Ogi Berri Azkuene Triatloi Taldeko kideek Santanderreko errelebokako 100 kilometroko lasterketa irabazi zuten larunbatean emakumeen kategorian. Partaide bakoitzak, hamarrek, 10 kilometroko erreleboak egin zituzten. 100.000 metro horiek egiteko zazpi ordu eta 48 minutuko denbora erabili zuten. Erraz irabazi zuten. Izan ere, bigarrenari, 30 minutuko aldea atera zioten; Espainiako armadako talde bat izan zen bigarrena, Legiokoak zehazki.
Pozik daude Ogi Berri Azkuenekoak garaipenarekin. Erronkatzat zuten proba, eta aipatu dutenez, taldearen indarrak eta haien arteko giro onak ahalbidetu du garaipena. Izan ere, hamarreko taldea osatzeko laguntza eskatu zuten, eta horri erantzun ezin hobea eman zioten korrikalari lagunek, talde indartsua osatzeraino. Horrela, Inma Cruz, Ana Cruz, Elixabete Del Pozo eta Edurne Jauregi taldekideez gain, Nerea Arregik, Elena Santervasek, Lide Azkuek, Miren Josune Bikuñak, Ainhoa Lekuonak eta Beronika Noyak osatu zuten hamarkotea.
Garaipen horren ondotik, erronka berrietan pentsatzen hasi dira pasaitarrak.