Harro eta koloretsu
Harrotasunaren Egunak oihartzun berezia izango du gaur San Pedron, ospakizunak barrutiko jaien hasierarekin bat egiten duelako.
Herritarrek margotu zuten zebrabidea, atzo, arratsean, Arraunlari kalearen sarreran.
LGTBI+ kolektiboen Harrotasunaren Eguna da gaur, eta San Pedron, urtero legez, oihartzun berezia izango du ospakizunak.
Udalak babestuta, atzotik ortzadarraren kolorez margotutako zebrabidea dute barrutian. Baina ospakizuna, ez da margotze lanetara mugatuko.
Gaur, sanpedroen hasieran kolektiboaren eskubideen defentsan bandera koloretsua zintzilikatuko dute alkateordetzaren balkoitik. Jaiak hasi eta berehala igoko dute gay, lesbiana, transgeneroen eta bisexualen bandera, Esti Etxeberria abeslariak girotutako ekitaldian.