Eskola Kirolarekin bueltaka
Proposamen batzuek ika-mika sortu dute aldundiaren, hezkuntza komunitatearen eta kirol kluben artean
Proposamenak gaizki interpretatzeak lehenengo sua piztu zuen«Esan genuen ez ginela ados malgutasun hori eskaintzearekin. Kontzeptu hori, hala ere, ez da argi geratu: batzuek gauza bat esaten zuten, beste batzuek beste bat… Nire iritzia da, dekretua onartu arte, ez dudala ezer argi», esan du Esnalek. Gaur egun, Kimu Mailako bigarren urtean —ikasleak 6. mailan daudenean— haurrak nahi eta nahi ez bi egunez entrenatu behar dira Eskola Kiroleko taldearekin. Larunbatetan Eskola Kirolako norgehiagokak jokatzen dituzte, eta igande batzuetan klubarekin. Pasa den astean, hainbat eragile bildu zituen foroa egin zuten Donostian, proposamenen berrikuspenak azaltzeko. «Malgutasunaren» proposamenarekin, aukera egongo litzateke errendimenduzko ibilbidean klubekin astean bina egunez, edo egun bana entrenatzeko. «Imajinazioz betetako irtenbidea» dela iruditzen zaio Arkaitz Angiozar Lezoko kirol teknikariari. Hala ere, uste du gauza bat dela paperean dagoena eta beste bat eguneroko praktikan egiten dena. Esnalen arabera, malgutasuna deitutako horren onura handiena futbol taldeek izango lukete. Bere ustez, bereizketa sortzen du kirol batean onak direnen eta gainontzekoen artean, eta, gainera, taldeetan eragina izango du. «Benetan sinisten dut ume batek 10-11 urterekin ez duela argi zer egin nahi duen. Eta gainera, aukera aniztasuna eskaintzeak, bai aukeraketa egindako momentuan, bai kirol bat gustatzen ez zaion momentuan, Eskola Kirolan ikasitakoak lagunduko diela gero beste jarduera bat egiten», esan du Esnalek. Gainera, aldarrikatu du Eskola Kirolaren filosofiaren oinarrietako bat dela aukera aniztasuna eskaintzea. Kirol baten hastapenetan, espezializazio goiztiarra ez du modu egokian ikusten. Gaur egun errendimenduzko 45 klub daude Gipuzkoan, eta 24ra murriztu nahi dituzte. Teknika hobetzeko erdibideko maila bat sortuko lukete. Angiozar ez dago ados errendimenduzko talde horiekin: «Duela hogei urte ez ziren existitzen. Ate batzuk irekitzen joan dira, eta gauza berriak sortzen, hasierako errendimenduzko hogei talde haiek adibidez. Baina horiek ezta ez zuten zentzurik. Entitate batzuk dira interesatuak, kirol kultura zahar batetik datozenak». Kirol teknikariak esan duenez, urteen poderioz, ikastetxeak dira indarra galtzen joan direnak. «Arrazoirik gabeko argudio batzuengatik, estruktura batzuk sortu ziren, kirol eredu jakin bat kontsumitu dugulako», kexu da Angiozar. Bere ustez, orain dela hamabost urte aurrerakoia zen eredua atzerapausoak ematen joan da. Esnalen arabera, malgutasun hori handituz joango da, Eskola Kirolaren kaltetan. «Klubek zirrikitu berriak bilatzen jarraituko dute», ohartarazi du Esnalek. Aurrebenjaminak Eskola Kirola egitasmoa 6 eta 8 urte arteko haurrengana hedatzeko proposamena egina dute. Kirola bainoago, joko eta ariketak izango lirateke eskainiko dituztenak, gorputz adierazpena eta psikomotrizitatea lantzeko. Proba pilotua egingo dute datorren urtean, eta hortik ondorioak atera. Esnalek gogorarazi duenez, Oarsoaldeko zortzi ikastetxetan egiten da halakorik, Oiartzungo ikastetxeek duten Muittu! programa esaterako. Angiozarrek, bere aldetik, azaldu du kirolaren hastapenak arautzen ari direla. Egun, futbola, saskibaloia, areto futbola, errugbia eta eskubaloia arautzen dira. «Badaude beste kirol batzuk haur txikiekin lan egiten dutenak. Arte martzialak, gimnastika, tenisa… eta abarren federazioekin hitz egiten ari dira, kirol horietako hastapenak nolakoak izan beharko luketen zehazten hasteko. Baina zaila da, talde gehienak eremu pribatuan mugitzen direlako», jakinarazi du kirol teknikariak. Begiraleak Eskola Kirolaren berrikuspenaren ondoren egindako proposamenetako bat begiraleen formazioa hobetzea da. Begirale izateko, on-line ikastaro bat egin behar da. Hori bere horretan mantentzea da aldundiaren helburua. «Aldundiak esaten du begiraleak onak, hezitzaileak, tituludunak eta abar izan behar dutela, baina finantziazio handiagoa falta da», zehaztu du Esnalek. Alde horretatik, Oarsoaldean egoera hobetzen ari dela nabarmendu du Orereta Ikastolako Eskola Kiroleko koordinatzaileak. «Begiraleen lana profesionalizatzen ari da. Hala ere, ez dira kontratu oso onak: ordu gutxi dira, ordutegia ez da onena eta abar». Orereta Ikastolaren kasuan, 300 dira Eskola Kirola egiten duten ikasleak, eta 18-20 pertsona bilatu behar izan ditu. Esnal: «Kirol ikasketak dituzten pertsonak dira. Ez da batere erraza aurkitzea, eta ekonomikoki defizitarioa da. Hori diruz gehiago lagundu beharko litzateke, baina zoritxarrez beste gauza batzuek dute lehentasuna». Angiozarrek onartu du formazioak hobetu beharko lukeela, baina ez bakarrik Eskola Kirola programan. «Formazioa oso baxua da toki askotan. Toki batzuetan hobeto egiten dute lan, beste batzuetan ez hain ongi; ikastetxeetan bezala. Formazioa denek behar dute, haurrak azken finean berberak direlako. Egun batean balore batzuk jasotzen ditu, eta hurrengoan beste batzuk, eta hori ezin da», adierazi du Lezoko kirol teknikariak. Mugikortasuna Planteatu den beste gai arantzatsu bat mugikortasunarena da. Adingabekoek kirola non egin behar duten mugatu nahi dute, eurak babeste aldera. Kasu batzuetan, baimena eman beharko lukete, hainbat irizpide kontuan hartuta. Esnalen arabera, Oarsoaldean Eskola Kirolan ez luke eragin handirik izango horrek, haur gehienek eskualdeko klubetan egiten baitute kirola. «Oarsoaldean dugun lan sistemarengatik, dekretua gehiago betetzen dugu beste eskualde batzuetan baino: kirol aniztasuna bermatzen da gehiago; entrenatzaileen baldintzak hobetzen ari dira, badago kezka bat; politikariak arduratzen dira; badaude diru laguntzak; Kirolaisi enpresak ongi kudeatzen du…», azaldu du Esnalek. Hala ere, mugikortasuna zurruntzeak zalantzak sortzen dizkio: «Imajina ezazu: Oreretan bizi zara, Zamalbiden. Astigarraga bertan edukita, Touringen joka dezakezu eta Mundarron ez. Aldundiaren oniritzia jaso behar duen kasuetako bat izan daiteke? Horrela ikusita, hutsune asko ditu araudiak». Angiozarrek gogorarazi duenez, mugikortasun handia ez izateko argudioetako bat izan zen errendimenduzko eskolak sortzearena: haurrak bere inguru naturalean jokatzea ahalbidetzea. «Helburua da ikustea nor izan daitekeen finagoa etorkizunean, eta ez gaur egun. Horrela sortu ziren gerora 45 izatera iritsi ziren hogei lizentzia horiek», jakinarazi du. Hala ere, gaur egun mugikortasunarekin malguak direla esan du. Adibide bat jarri du: «Errenterian Donostiako haurrak egon daitezke, Donostiakoek beren kopurua bete dutelako. Hori eskolaren beraren filosofiaren kontra doa, baita haurraren beraren kontra ere, ez baituelako atxikimendurik. Mugikortasunarekin hori mugatu nahi da. Lezon bizi bazara, zerbitzu hori hemen duzu». Uste du orain dela hogei urte ezarritako araua betetzearekin nahikoa dela. Epearekin zalantzak Aldundiak hil honetan onartu nahi du behin betiko proiektua. Esnalek uste du azkar eta momentu txarrean egin dela Eskola Kirolaren berrikuspena. «Eta batez ere», jarraitu du, «ikastetxeek datorren urterako duten plangintza kontuan hartu gabe».
Egondako ika-mikak hezkuntza komunitatea esnatu duela ziurtatu duteAngiozarrek, bere aldetik, esan du prozesuarekin berarekin zein bertan planteatzen diren hainbat gauzekin ados daudela. Hala ere, Esnalekin bat dator beranduegi ezarriko dutela:?«Datorren ikasturteko programazioak osatuta daude, eta Eskola Kirolaren arabera agian ingeles akademian edo ez dakit zertan izena eman dute. Dirudienez, aurrera doaz horrekin. Prozesua asko mantsotu da fase batzuetan, eta horregatik sortu da atzerapena». Dekretu berria praktikara nola eramango den ere kezkatzen du. Hala ere, uste du izandako ika-mika guztiak zerbaiterako balio izan duela. «Normalean lasai ibiltzen direnak —ikastetxeak, Eskola Kirola inguruko mundua— sutan jartzea eta planto egitea lortu du. Hori ere sentitu dute aldundian. Beti gure ikuspegia, ikuspegi hezitzailea, da murrizten dena».
Eskola Kirola, emaitzak ematen dituen eredua
Eskola Kirolak 25 urte daramatza martxan. Pasa berri den sasoian argi utzi du arrakasta handia duela. Oarsoaldeko 8-12 urte arteko haurren %51k eman dute izena, zehazki, adin tarte horretan dauden 2.757 neska-mutiletatik 1.402k. Eskualde osoan, guztira, 134 talde ari direla jakinarazi dute; 78 talde Errenteria-Oreretan, 25 Oiartzunen, 22 Pasaian eta bederatzi Lezon. Taldeak gidatzen 85 prestatzaile ari dira, 19 emakume eta 66 gizon. Eta dena euskaraz. Arkaitz Angiozar Lezoko kirol teknikariak hainbat ikerketaren emaitzak gogorarazi ditu. Horrela, espezializazio goiztiarrak emaitza onak bermatzen ez duela berretsi du, eta gaitasuna dutenak berdin-berdin iritsiko direla gora iritzi du: «Oso gaztetatik hasten bagara praktika bakarrean, azkenean aspertu egin zaitezke. Zenbat jende ezagutzen dugu gaztetan kirol batean ona izan zitekeela zirudiena eta ez dena ezertara iritsi?».Eskola Kirolan dabiltzanen ustez, ikuspegi hezitzailea galtzaile izango daBere ustez, hori gertatzen da «gezur bat» saltzen delako. «Hori da gure kirol kultura, tamalez», penatu da Angiozar. Eurek, baita aldundiak ere, kirol kultura osasuntsu bat sustatu nahi dutela baietsi du: «Azkenean, jendea zoriontsuagoa izango litzateke, eta lasaiago biziko ginateke. Ez du inolako eraginik alebinetan Gipuzkoako Kopa irabaztea». Ereduak bere emaitzak ematen dituela ziurtatu du: «Gipuzkoan lortu da goi mailako kirolari asko egotea, diziplina askotan. Ez Euskal Herrian ez Espainiako Estatuan ez dago horrelakorik. Bartzelonarekin batera, Gipuzkoa rankingaren buruan dago». Euren helburua da zenbat eta jende heldu gehiagok ariketa fisikoa egitea, eta horretarako gaztetatik hasi behar da. Dena ongi ez Unai Esnalek, bere aldetik, onartu du Eskola Kirolan dena ez dela ongi egiten. Badaudela gaizki aritzen direnak: «Ezin duzu esan helburu horiek beteko dituzula, eta gero futbol entrenamenduak bakarrik egin. Ezin duzu esan hezitzailea dela, eta asteburuetan gazteei oihuka hasi. Ezin duzu esan garaipenak ez duela axola, eta jokalari batzuei minutu gehiago eman». Eskola Kirolaren baloreekin bat egingo luketen klub gehiago ikusiz gero, lasai geratuko litzateke hain gazteak diren kirolariak talde horietara bideratzeko orduan. *Hamar korapiloak
- Eskola Kirolaren orientazio orokorra zehaztea.
- Begiraleen prestakuntza, konpetentziak eta kualifikazioa.
- Eskola Kirolaren ibilbidea birdoitzea.
- Eskola Kirolaren finantzaketa zehaztea.
- Adingabeen kontziliazioa, estimulazioa eta garapena.
- Eragile bakoitzaren rolak zehaztea.
- Eskola Kirolaren programa ereduaren komunikazio estrategia inplikatutako eragileei adieraztea.
- Eskola Kirola eta genero ikuspegia.
- Eskola Kirola euskaraz.
- Jokalariak erakartzea eta mugitzea Eskola Kirola garaiak irauten duen bitartean.