Bost edukiontziak udalerri guztian hedatuko dute.
Lezoko Udalbatzak ez ohiko plenoa egin du gaur. Kale garbiketa egiteko kontratu berriaren prozesua martxan jartzea erabaki dute.
Hondakinak biltzeko sistema bost edukiontzietara aldatuko denez, zerbitzua aldatu behar dela jakinarazi du Lezoko Udalak. “Atez ateko sistema ezarri zenean, beharrezkoa izan zen, zerbitzuak hala eskatzen zuelako, garbiketa eta bilketarako langileen kopurua handitzea”, esan dute. Udalak izan du bi zerbitzuen ardura. Sistema berria ezartzean, bilketaren ardura San Marko Mankomunitateak izango du, bien artek hitzarmenak hala zehazten baitu.
Zerbitzuaren esleipena jasotzen duen enpresak langile guztiak subrogatu beharko dituela adierazi du Lezoko Udalak, San Markora joango den eta bilketa zerbitzuko langilea izan ezik.
Aurrekontua altuagoa izango dela jakinarazi du udalak. Esan dutenez, zerbitzua eskaintzeko makinengatik eta orain arte eskainitako zerbitzua hobetzeko asmoz, diru kopurua altuagoa izango da.
Zerbitzuaren kontratuak lau urteko iraupena izango du, urteko 519.054,27 euroko aurrekontuarekin. Interesa duten enpresa guztiek beren proposamenak aurkez ditzakete, iragarkia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera.