Antxoko TOPAguneak arreta berezia eskaini dio aurten elkarren arteko zaintza eta babesari, eraso sexisten gaineko aurre lanketa bat eginez, gehienbat. Brigada Moreak, zaintza ardurak eta apainketa bera landu dituzte.
Isabel Mancebo Baldaren ilustrazioa
Antxoko TOPAguneak arreta berezia eskaini dio aurten elkarren arteko zaintza eta babesari, eraso sexisten gaineko aurre lanketa bat eginez, gehienbat. Brigada Moreak, zaintza ardurak eta apainketa bera landu dituzte.
Jaietan ohikoak izaten dira ordu txikitan etxera bakarrik bueltatzeko beldur eta kezkak. Baita sistemak berak elikatutako jarrerek sortutako botere harremanak ere. Baina guzti horri buelta emateko prest eta indartsu azaldu dira Antxoko TOPAguneko kideak, bertako kide Udane Migeltorenak adierazi duenez: «Jaiak guztion gozamenerako dira, aske bizitzeko».
Iaz hasitako bideari jarraituz, Brigada Moreak antolatu dituzte «etxera pozik, kantuan, elkarrekin eta lagunduta» joateko. Aurten, gainera, sanferminak bitartean egunero izango dira, 04:00etan TOPAgunetik hasita. Ordutegia 15-16 urte bitarteko gazteekin adostu dutela kontatu du Migeltorenak: «Ibilbide bat adostu dugun arren, agertzen den jendearen arabera moldatuko dugu. Brigadak, koloretsuak eta zaratatsuak izango dira, helburua ez baita soilik etxera konpainian joatea, txoko ilunak argitu eta herria alertan jartzea baizik. Beldurra aldez aldatuko dugu».
Ekitaldi horretan parte hartzen duen orok kontzientziatua behar duela gaineratu du, «babes kolektiboa eskainiko baitiogu elkarri». Iaz, iniziatiba azken momentuko gauza izan zela adierazi du, eta erantzun ona izan zuen arren, lanketa handia egiteko aukerarik ez zutela izan. Aurten, jaietako egitarauan bertan txertatu dituzte brigadak eta herritarren solasaldien parte dira. TOPAguneko kideek ere barneratuta duten ekintza eta printzipio gisa definitu du Migeltorenak. Herritar orok bere arduratzat hartzeko deia zabaldu dute.
Zapi morea, zaintza
Lan egiteko dinamiken barruan gaika antolatutako taldeak osatu dituzte aurten, eta lehen aldiz Zaintza izeneko lantaldea sortu dute. Horrek, eta aurrez gaia landu izanak, ikuspuntu zabalagoarekin jokatu eta denbora gehiago eskaintzea ekarri die, hutsuneak detektatu eta betetzeko aukera emanez.
Zaintza ez du ordulariak markatzen. «Brigadetatik kanpo, zer? Galdera horri bueltaka hasi ginen, eraso edo ezinegonak, zoritxarrez, ez baitira soilik etxera bidean ematen. Jarrera baboso, baztertzaile edo erasotzaileak edozein unetan eman daitezkeela kontziente gara. Baina guk, ez onartzeaz gain, ez dugu fokua haiengan jarriko, deseroso sentitu den horrengan baizik», esan du Migeltorenak. Horregatik, «eroso sentitzeko helburuz» TOPAgunea bera babesgune bilakatu dute: «Festa eta eskaintza kulturala zabaltzeaz gain, botererik gabeko harremanez osatutako gune askea sortzen dugu sanferminetan. Badakigu nork ez duen bertan lekurik».
Egunero, TOPAgunea irekita dagoen momentu guztietan, zapi morea jantzita duen norbait egongo da. Haren ardura zaintza izango da: «Entzuteko eta laguntzeko lehentasuna izango du uneoro zapi morea duen pertsonak. Gure kezka, beldur edo beharrak lasai konpartitu ahal izango ditugu». Txosnan txanda egingo duen bakoitzarekin hitz egin dute eta baita arduradunak bilatu ere. «Prest gaude, aktibo eta begiak zabalik», gaineratu du.
‘Hemen etxean bezala’
Filosofia eta jarrera hori apainketan bertan txertatu nahi izan dute antolatzaileek. Hemen etxean bezala lelopean jardun dira lanean. «TOPAgunea da etxean bezala sentitzeko gune askea, denok elkar zainduko duguna. Familian, konfiantzan, aske, babestuta, eroso… Baita lotsarik gabe ere, eztabaidan, garbi, auzolanean…», zehaztu du Migeltorenak. Aterik gabeko etxe erraldoi horretan denontzat lekua dagoela adierazi nahi izan dute.
Apainketa zantzuen artean arropa jarri dute karpan zintzilik: «Edonorentzat lekua dagoela adierazteko estilo zein tamaina desberdinetako arropa ere zintzilikatu dugu». Era berean, etxean aurki daitezkeen altzariak ipini dituzte: markoak, balkoia, ispiluak, eserlekuak, mahaiak, kortinak…
Erantzunak hamaika
TOPAguneak landutako hori guztia, erasoak saihesteari eta eroso sentitzeari begira egin du. Gertakariren bat badago, ordea, nola erantzun lagunduko duen Eraso Sexisten Aurkako Protokoloa egin du Antxoko
Harremantxo talde feministak.
Protokolo hori Bekoz Beko emakume taldearekin konpartitu dute, eta jai batzordera, TOPAgunera eta herriko taberna guztietara iritsarazi dute mezua. ?«Herriaren konpromisoa eskatu, eta oso harrera ona izan du. Antxok begiak zabalik ditu», adierazi du Ane Etxeberria Harremantxoko kideak.
Etxeberria: «Sexuen arteko botere harremanen ondorioz, emakumeen independentzia eta osotasuna urratzen duten jarrerei deitzen diegu indarkeria sexista. Besteak beste mespretxuak, irainak, mehatxu jarrerak, bultzatzea, kolpatzea, erasotzea, baimendu gabeko ukitzeak, sexu harremanak izatera behartzea, bortxatzea, sexu-jazarpena, hilketa…». Erasoren bat ikustekotan, fokua beti erasotua izan denarengan jartzeko eskatu dute, protokoloa jarraituz.