Hibaikak KAE 2 ligako lehen bandera irabazi du larunbatean Sestaon egindako erlojuaren kontrako estropadan.
Hibaikakoak irabazitako banderarekin.
Hibaikak KAE 2 ligako lehen bandera irabazi du larunbatean Sestaon egindako erlojuaren kontrako estropadan. KAE 2 ligako zortzigarren estropada izan da, eta merezitako garaipena izan dute errenteriarrek. 20:08,53ko denbora egin zuen Hibaikaren tripulazioak, Donostiarra Bren aurretik eta bigarren horri 5 segunduko aldea atarata . San Juan, KAE2 ligako liderra, ez zen izan estropadan, eta Sanpedrotarra seigarren sailkatu zen (20:35,62).
Garaipenarekin pozik da Hibaika. Azken bandera duela hiru urte ekarri zuten Errenteria-Oreretara eta Alex Orena entrenatzaileak esan duenez “gogoa” zuten garaipen bat lortzeko, “bandera bat herrira ekartzeko. Alde batetik, poza handia suposatzen du guretzako, azkenean, gizonek bandera bat ekarri dute Errenteriara. Beharra sentitzen genuen irabaztekoa eta azken urteetan gertu ibili gara, baina ez dugu lortu. Aurten lortu dugu eta ea gehiago ekartzen ditugun”.
Sailkapen taulan hirugarren da Hibaika eta Errenteriako arraun elkarteak denboraldirako helburuak argi ditu: Emakumeek Kontxa irabaztea eta gizonek maila igotzea. Gogor ari dira lanean horretarako bi tripulazioak: “Gustatuko litzaiguke bi helburu horiek lortzea. KAE2 ligan hor gara momentuz play-off postuetan. Postu hori mantentzea da oraingoz helburua, eta ez da erraza ere izango, akatsik ez egitea suposatzen duelako. Borrokan jarraituko dugu, pausoz pauso joango gara”.
Oinak lurrean, zailtasunak kontuan hartuta, itxaropentsu azaldu da Orena: “Itxaropentsu gaude, taldea gora doa eta uste dut oraindik ere badugula margen pixka bat hobetzeko. Gogotsu gaude helburu hori lortzeko”.