Oposizioa, erabakiaren kontra agertu da, baita langileen ordezkariak ere.
Pasaiako udaltzainenen ordezkari sindikalak -guztiak- kontra dituzte, eta baita oposizioa ere. Hori, hala ere, ez da oztopo izan, udal gobernu taldearen proposamenak aurrera egin dezan. EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin (9), Pasaiako Udala eta Arkauteren arteko hitzarmenari argi berdea eman dio plenoak gaur goizean, eta honenbestez, udaltzaingoko oinarrizko mailako hiru agenteen hautaketa prozesua martxan jarriko dute.
Udaltzainen ordezkari sindikalak plenoan izan dira,
beren aldarriak eskuan, eta Imanol Esnaolak hartu du hitza guztien izenean. Gogoratu duenez, udalaren lanpostuen zerrenda jarraitzea adostua zuten gobernu taldearekin iaztik, “nahiz eta, tamalez, akordioa idatziz jasota ez egon”. Esnaola kexu agertu da, onartu duten erabakiarekin, zerrenda hori baliogabe geratuko delakoan.
Horrez gain, “2017ko eskaintza urtarrilean negoziatzen hasi behar zutela eta oraindik ez direla hasi” salatu du. Azkenik, erretiro lege berriarekin laster plaza gehiago hutsik geratu daitezkeela ohartarazi du: “Orain 5 plaza baldin badaude huts, epe laburrean 9 izan daitezke”.
Oposizioa kontra
EH Bildu eta Pasaiak Ahal Du, baita ere, kontra agertu dira. Udalaren eskumena dena hirugarren baten esku uztea kritikatu dute biek, eskaintza udalaren bitartekoen bidez egin zitekeela defendatuz. Besteak beste, hautagaiak aukeratzeko prozesuan ingurunearen ezagutza ez dutela baloratuko nabarmendu dute eta lan poltsa propioa edukitzearen alde agertu dira EH Bildu eta Pasaiak Ahal Du.
Altsasuko “neurrigabekeria eta bidegabekeria”
Gai zerrendan, baita ere, Altsasuko gertakariak terrorismo gisa epaituak izan ez daitezen eskatzeko udal adierazpena, EH Bilduk proposatuta. Eskaera aurrera atera da EAJren eta PADren aldeko botoekin. Fiskalaren zigor eskaera “neurrigabekoa” dela salatu dute PSE-EE izan ezik, udalean ordezkaritza duten talde guztiek. “Neurriz kanpokoa eta bidegabea” iritzi diote zigor eskaerari. eta “obsesibotzat” jo du EAJk eskaera.
PSE-EEk, kontra bozkatu du, eta ez du bere jarrera argudiatu.
Ondartxoko pasealekua berrituko dute
Alkatetzaren gestioen atalean, Izaskun Gomezek jakinarazi du urria bukaeran San Pedroko Ondartxoko pasealekua berritzeari ekingo diotela. Jakinarazi duenez, aldundiak finantzatuko ditu lanak, eta berritze lanen aurrekontua 552.000 eurokoa izango dela zehaztu du.
Gai zerrendatik kanpo baita ere, gaurko plenoen ika mika garratzena eragin duen gaia.
EH Bilduk lonjari buruz San Pedron jarri zituen panelengatik galdetu dio Nahikari Otermini. San Pedroko alkateordeak gaiaren harira aurkeztutako instantzia oraindik ez duela erantzun jakinarazi du EH Bilduk. Oterminek bere burua defendatu du, esanez, panelak ez zirela informatiboak, iraingarriak baizik, eta azalpenak, hala eskatzekotan, fatxadaren jabeari emango dizkiola erantzun die. Instantzia erantzutea bere betebeharra dela esan dio Otermini EH Bilduk.
Alkateak, eztabaidari bukaera eman aurretik, instantziaren idatzitik prebarikazio hitza kentzeko eskatu dio EH Bilduri, eta koalizioak onartu du eskaera, prebarikazioa zioen tokian, autoritarismoa adierazita.
Altsasu adierazpena