Txozna gunetik abiatuko da manifestazioa 20:00etan joan den martxoan Iruñean atxilotu zituzten lau gazte oreretarrei elkartasuna adierazi eta espetxean dauden hiruren askatasuna eskatzeko
Gazteen atxiloketa salatzeko Oreretako 4ak askatu plataformak deitu zuen lehen elkarretaratzearen irudia.
Oreretako 4ak askatu plataformak deituta, manifestazioa egingo dute Errenteria-Oreretan larunbatean, jaien bigarren egunean.Txozna gunetik abiatuko da manifestazioa 20:00etan joan den martxoan Iruñean atxilotu zituzten lau gazte oreretarrei elkartasuna adierazi eta espetxean dauden hiruren askatasuna eskatzeko (laugarrena adin txikikoa da eta atxilotu eta gutxira utzi zuten aske).
Iruñeko kartzelan daude hiru gazteak baina edozein unetan Madrila eraman ditzaketela esan dute manifestazioaren deitzaileek. Oreretako gazteen espetxeratzea “estatu errepresioaren barnean” kokatu dute: “Errepresio kasu hau, estatuak erabiltzen dituen hainbat eta hainbat errepresio kasuren barnean ulertu behar dugu, klase interes batzuk defendatzeko burutzen duen errepresioa, hau da, kapitalismoa mantendu eta arrisku bat izan daitezkeen langile klasetik sortutako mugimendu ezberdinak zapaltzeko. Gazteri borrokalariaren artean mugimendu hauek sortzen duten talka garbi gelditzen da”.
Oreretako lau gazteen kontrako auzia, “muntai lotsagarria” dela gaineratu du plataformak: “Bahituta dituzte inongo probarik gabe eta terrorismoa egotzi diete gazteri borrokalaria beldurtu eta kriminalizatzeko”.
Oreretako lauak askatu leloa izango du manifestazioak. Espetxeratuta dauden hiru gazte oreretarrak “berehalako askatasuna” ezinbestekoa dela oraintxe bertan gaineratu du plataformak, baina auziperatua dagoen laugarren gaztea, adin txikikoa, ez dutela alde batera utziko esan du, “Oreretako 4ak Askatu plataformaren helburua lau auziperatuen askatasun osoa baita. Deialdia Orereta osora, Euskal herrira, eta estatuan zein harago kokatzen diren kolektibo, antolakunde, alderdi eta norbanakoengana zabaldu nahi dugu, elkartasunak ez baitauka mugarik”.
Sinistuta daude gainera, “herri mobilizazio indartsu batek” bakarrik lortuko duela lau gazte oreretarrak “jasaten ari diren injustiziarekin” amaitzea.