Gernikako sarraski oroitu, bertan gertatu zena islatuta utzi, eta egun gertatzen diren halako gertaeren kontrako aldarrikapena egiteko Picassoren Guernica margolanarekin bete du herritar talde batek Madalena kaleko horma.
Kukai Dantzako Eneko Gil Gernika muralaren inaugurazioan.
Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrena bete da aurten. Sarraski hura oroitu, bertan gertatu zena islatuta utzi, eta egun gertatzen diren halako gertaeren kontrako aldarrikapena egiteko Picassoren
Guernica koadroan oinarritutako muralarekin bete du herritar talde batek Madalena kaleko horma.
Atzo inauguratu zuten murala, jende andana gerturatu zen bertara, eta degradatutako horma, irudiz, zentzuz eta mezuz jantzita azaldu zen, eder. Gernika muralaren alboetan, bonbardaketan parte hartu zuten hegazkinak, eta haurrak etzanda lurrean bonbardaketaren ostean. Bi azken horiek, Gernikako argazki zaharretan oinarrituta egin dituzte.
Izan ere, muralaren aurrean jarri eta herritarren kontzientziak astindu eta hausnarketara eramatea da Gernika Errenteria-Oreretara ekarri duen herritar taldearen helburua, sarraski hura inon errepika ez dadin. Gernikan gertatu zen hura, 80 urte beranduago, munduko beste hainbat herrialdeetan gertatzen ari dela salatzea ere.
Aurrekoa ez da, ordea, helburu bakarra, degradatutako herriko bazterrak grisetik koloretara pasa, berreskuratu, eta artearen bidez aldarrikapena egin nahi du, gainera, herritar talde horrek. Auzolanean egin dute zortzi lagunek Gernika murala, eta hiru astez aritu dira osatzen euren lan orduetatik kanpo. Aspalditik ari zirela mural hori margotu nahian azaldu dute, eta izen abizenik ez dute eman, protagonismoa herriari eta margolanari eman nahi diotelako: “Lagun talde bat gara, margotzea gustuko dugunak, eta aldi berean gure margoetan aldarrikapenak lekua du. Protesta margoarekin egiten dugu. Udalarekin harremanetan jarri eta ideia azaldu genien. Herrian uste dugu badirela degradatutako hainbat horma eta gune, eta horietan halako muralak margotuta espazioak berreskuratzen dira, jantzi eta mezuz bete aldi berean”.
Degradatutako espazioak berreskuratu
Udalak ontzat hartu zuen ideia eta aukeratutako pareta egokitu zuen margotzen hasi ahal izateko, “hezetasun handia zegoen bertan eta hura moldatu du guk murala margotzeko ondoren”. Grisa ez duela gustuko esan du herritar taldeak, “nahikoa gris badago Euskal Herrian eta munduan, eta uste dugu halako iniziatibak, margolan txukunak espazioei bizitza emateko, berreskuratzeko balio dutela, eta herria eta herritarrentzat onuragarri direla. Munduko hiriburu ugaritan ikus daitezke halakoak, eta baloreak transmititzeko ere balio dute”.
Muralari ekarpena egin zioten, gainera, herriko beste bi eragilek. Landarbaso abesbatzak ahotsa jarri zion, eta Kukai Dantzak mugimendua une horretarako prestatutako dantza piezarekin, “eragile eta herritar taldearen arteko elkarlana izan da”. Inaugurazioan artelan amaigabea pintzeladaz pintzelada margotzen jarraitzera deitu zuten jendea, “sentituz, marraztuz eta elkar maitatuz, kantatu, dantzatu eta margotzen duen herri bat ez baita inoiz hilko”.
Honakoak inaugurazio ekitaldiaren hainbat argazki dira: