Barrutiko hiru taberna elkartu eta kontzertuak antolatuko dituzte; Antxetan sanpedroetako argazki lehiaketako lanak daude ikusgai.
Melissa and the Jacks, Mutrikuko taldea, San Pedron joko du hilaren 29an.
Giroa piztea helburu, San Pedroko hiru taberna elkartu eta kontzertuak programatu dituzte udarako. Lehen kontzertua, WE taldearena izan zen, hilaren 8an, Antxetan, eta bigarrena larunbata honetan izango da (hilak 22), Pelosen tabernan. Oraingoan, Iñaki Alberroren eta Jon Anzaren emanaldia izango da, 19:30etik aurrera.
Begihaundi tabernan izango da udako hirugarren kontzertua, hilaren 29an, Melissa and the Jacks taldearekin, eta Antxeta elkartean abuztuko lehena, hilaren 4ean, Indigo taldearekin.
Sanpedroetako argazki lehiaketa
Antxeta elkartean, horrez gain, sanpedroetako argazki lehiaketako argazkien erakusketa ikusgai egongo da abuztuaren 19ra bitartean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurten hamasei argazki aurkeztu dituzte lehiaketara, eta epaimahaiak jada erabakia du kategoria bakoitzeko irabazlea. Jasone Sisniegak, Oskar Mendizabalek eta Orhi Aizpuruk osatu dute epaimahaia eta irabazleak iraila bukaeran jakinaraziko dituzte, San Pedro Txiki jaietan.
Erabakitzeke, baina, Ikuslegoaren Saria. Antxeta elkarteko tabernatik pasa eta botoa ematen duten herritarrek erabakiko dute. Horrez gain, botoa ematen duten guztien artean, Antxeta elkarteak bi pertsonentzako afari bat zozkatuko du.
Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkie lehiaketa parte hartu duten guztiei.