Aldundiaren diru laguntza da, Oarsoaldea Garapen Agentziarentzat, 55 urte baino gehiagoko langabeak enplegatzeko.
Langabezian denbora luzean dauden pertsonen lan munduratzea lortu nahi dute diru laguntzarekin.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Departamentuak 150.000 euroko laguntza bideratu du Oarsoaldea Garapen Agentziarentzat. 55 urte baino gehiagoko langabeak lan munduratzeko programa garatzera bideratutako laguntza da, Pasaialdearen biziberritze integralerako estrategiaren barruan.
Departamentuko buru Marisol Garmendia diputatuak adierazi du “konpromiso argia” dutela “Pasaialdearen biziberritze integralarekin”, eta badia leheneratzeaz gain, zonaldearen ekonomia suspertzeko konpromisoa ere badutela. Horregatik lagundu dute diruz Oarsoaldea, garapen agentziaren bidez enplegu berrien sorrera bultzatzeko. “Gizarte kohesioa eta herritarren bizi kalitatea hobetzen lagundu” nahi dutela gaineratu du.
Zehaztu dutenez, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Departamentuaren diru laguntza honako alderdi hauetara bideratuko dute: denbora luzez langabe daudenak lan munduratzeko plan batera, kultura turismoarekin eta itsas ondarearekin lotzen den jakintza transferentziara, lan munduratzeko programak garatzearekin lotzen diren ekipamenduak erostera, eta itsas kulturarekin lotzen diren turismo produktuak diseinatzera eta sustatzera.