I. Adegi Bandera izango da jokoan Eusko Label Ligan, eta Gipuzkoako aldundiaren bandera EuskoTren Ligan.
EuskoTren Liga eta Eusko Label Liga, arraun munduko bi liga gorenak zita dute Pasaian igandean. Emakumeen estropada izango da lehenik, eta jarraian mutilena, biak 12:00etatik aurrera.
Emakumeentzat Gipuzkoako Foru Aldundiaren bandera izango da jokoan, eta gizonentzat I. Adegi Bandera. Bi babesleen ordezkariak izan dira gaur estropadaren aurkezpenean, Donibanen, udaletxean, Pasaiako alkate Izaskun Gomezekin batera, eta estropadaren antolatzaileekin: Pasai-Donibane Koxtape eta Sanpedrotarra Arraun elkartea.
Koxtapeko presidente Xabier Arrarasek eskerrak eman dizkie estropadaren antolakuntzan lagundu dieten guztiei, eta Sanpedrotarra Arraun Elkarteko Antxon Cormanek eman ditu estropaden gaineko xehetasunak. Zehaztu duenez, emakumeen estropadan hiru luze eta bi ziaboga egin beharko dituzte traineruek, eta gizonen lehian, berriz, sei luze eta bost ziaboga.
Elkarlanean, sendotzeko asmoz
Iaztik ari dira Pasaiako estropada elkarlanean antolatzen Koxtape eta Sanpedrotarra arraun klubek, arrosen buru Arrarasek nabarmendu duenez “erabateko sintonian”. Etorkizunean, baina, asteburu oso bat antolatu nahiko luketela aitortu dute, klub bakoitzak estropada bana antolatuz, bat larunbatean eta bigarrena igandean. “Bi kluben artean historikoki egon den lehiakortasunak ekarpen handia egin dio Ligari, eta lehia horri eustea komeni dela uste dut”, baieztatu du moreen presidente Cormanek.
Bien bitartean, baina, indarrak batu eta herritarrei igandean Pasaiara hurbiltzeko gonbidapena luzatu dute biek.