Gaueko kontzertuetan copi left taldeen alde egin dute eta eguneko egitaraua indartu. Kontsumoa lehentasuna izango dute aurten, bestalde.
Egitaraua indartuta dator Txosnagunea.
“Ilusioz eta maitasunez” prestatutako egitarauarekin heldu da Txosnagunea. Aurtengo madalenei begira egindako aldaketak eta berrikuntzak aurkeztu zituzten bertan parte hartzen duten eragileek egindako agerraldian. Gune alternatibo eta sentsibilizazio, gozamen eta aldarrikapenerako bestelako espazioa dela Txosnagunea esan zuten eta urteak direla Txosna Batzordean antolaketa, funtzionamendu eta egitekoaren gaineko hausnarketa prozesuan murgilduta daudela: “Seguru aski horretan jarraituko dugu datozen urteetan ere, eraldaketa posible dela sinisten dugulako”.
Norabide horretan, azken urteetako dinamikari “astindu bat” eman nahi izan diotela eta aldaketa batzuk egiten hasi direla jakinarazi zuten: “Egitaraua indartu dugu, eta gaueko kontzertuetan eskaintza anitza bilatzeaz gainera aurrekontu guztia jaten duten talde erreklamazioak ekiditeaz gain, copy left taldeei garrantzia eman diegu. Eguneko egitaraua indartu dugu, bestalde”.
Kontsumoa lehentasuna izango da gainera Txosnagunean.
Horrelako kontsumoa egin, horrelako produkzioa bultzatu leloaren gainean hausnartu, txosnetan eskainitako produktuei begira hainbat aldaketa egin dituzte: “Ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremanak, ekoizteko modua eta pertsonak nahiz ingurunea zaintzen dituen merkataritza solidario eta justuago baten alde agertu nahi izan dugu”. Horren harira Txosnagunean zerbitzatuko duten kola, patxarana, rona eta garagardo motaren bat edo beste irizpide horietan oinarrituta aukeratu dituzte. Txosna beganoa hirugarren urtez izango da, gainera.
Edalontzi birziklagarriekin jarraituko dute, baina berrerabiltze errealago bat bermatu nahi dute, “plastikoa murrizte aldera”. Horretarako dituzten basoak hurrengo urteetarako berreskuratu nahi dituzte, “hobeto zaindu eta gordetze aldera”. Edalontzia euro batean erosi eta barrara itzultzerakoan bi aukera izango dituzte kontsumitzaileek: basoaren trukean tiketa jaso, hori aurkeztuta beste edalontzi bat eskuratu ahal izateko; edo basoa bueltatu eta 50 zentimo berreskuratu”.
Gune askea
Txosnagunea eta festetako gune guztiak “askeak” nahi dituztela nabarmendu zuten atzoko agerraldian, “jaietan elkarrekin ondo pasa nahi dugu eta errespetuzko harremanak edukitzea eta elkar zaintzeari garrantzi handia eman nahi diogu. Denon artean jarrera sexistak, homofobo, arrazistak edota espezistak ekiditea oso garrantzitsutzat jotzen dugu. Erasorik jazotzekotan, erantzuteko prest gaude”.
Errepresaliatuei aipamen berezia egin zieten, bestalde: “Presoak eta gurekin ez dauden edo urrun dauden senide eta lagunak gogoan ditugu. Doakiela hemendik besarkada handi bana, bereziki egoera larrian aurkitzen den Aitzol Gogorzari, bere senide eta lagunei, baita Iruñean atxilotu eta espetxean diren Endika, Ruben eta Petriri”.
Laguntzaile izan dituztenei eskerrak emanda, herritarrei jai paregabe, parekide, alai eta koloretsuak opa zizkien Txosnaguneak, eta bertatik pasatzera animatu.
Txosnagunearen egitaraua.