Asteazkenean Karmengo Aman elkartuko dira udalekuetako haur eta begirale guztiak
Pasaia ezaguna dute Txantxariek; argazkian Donibanera etorri zirenekoa.
Datorren astean bukatuko dira Pasaiako udaleku irekiak, eta agurtu aurretik, festa batean elkartuko dira aurten udalekuetan parte artu duten 300 haurrak, 39 hezitzaileak, lau koordinatzaileak, eta zuzendaria. Karmengo Ama eskolan elkartuko dira,
Txantxarien emanaldia eta festa erraldoia ospatzeko.
Mari Txipi, Arantxa Zabalete, Antxon eta Txantxibiri Kaminok osatzen dute Txantxarien Taldea, eta Braulio astoa bidelagun, munduan barrena ibiltzen dira jolasean eta kontu kontari. Pasaiako udalekuetan ari diren haurrak Txantxariekin harremanetan izan dira uztailean zehar. Txantxariek eskutitzak bidali dizkiete haurrei hainbat gertakizun kontatuz eta iragarriz elkar ezagutzeko eguna gertu dutela. Bada, eguna bidearen bueltan da. Datorren astean izango da, asteazkenean (hilaren 26an), 11:00etatik 12:00etara.
Hamaika jarduera
Udalekuak hasiz geroztik hamaika jarduera egin dituzte udaleku irekietan izan diren haur pasaitarrak, tartean irteera asko: Albaolara,
Mater ontzira, Oiartzungo Soinueneara, Arditurriko meategietara, igerilekura, hondartzara… eta txikienak txalupan ibili dira bokalearen inguruan.
Aurten, gainera, berritasun bat ere izan da. Udaleku parte-hartzaileak landu dituzte, eta haurrei jarduerak erabaki eta antolatzeko orduan protagonismo berezia eskaini diete. Ebaluazioak ere egin dituzte, taldekako asanbladen bitartez, eta antolatzaileek oso interesgarritzat jo dute esperientzia.