Karrikako mutilen taldea, tiraka.
Aurrera jarraitzen dute xanistebanek.
Goizeko ekitaldiak pasata, bazkarietarako txanda izan da. Badira zer jaten zuten kontrolatu behar zutenak: arratsaldean sokatiran aritu direnak. Madalensoro pilotalekuan bildu dira, auzoetan banatuta, taldeak. Ia orduz tiraka aritu ondoren, txapeldunak zeintzuk izan diren ikusteko aukera izan dute frontoira hurbildu diren ehunka oiartzuarrek.
Nesketan, Gurutzek Ergoien garaitu du finalean. Hirugarrenak, berriz, Altzibarko taldea izan da. Mutilei dagokienez, ergoiendarrak izan dira onenak, Karrikakoak menderatuta. Ohorezko beste postua Arraguak bete du.
Izan da gehiagorako astirik. Frontoiaren ondoan, plaza libreko eta bote luzeko partidak jokatu dituzte. Horrez gain, han inguruan ere, erraldoiek eta buruhandiek buelta bat eman dute. Done Eztebe plazan bukatu dute gaurko ibilaldia; ondoren, dantzan egiteko aukera izan da plazan bertan.
Arratsean musika nagusituko da. Kantu Kolorek kontzertua emango du 21:30etik aurrera, Landetxe plazan. Toki berean, hurrenez hurren, talde hauek joko dute: Kalera-k, Autobus Magikoak eta Tremenda Jauriak. Horrez gain, 22:00etan, Madalensoron, pilota jaialdi batekin gozatzeko aukera egongo da.