[Galeria] Gazte dira gazte, eta gaur beren eguna dute
Gazte Eguna ospatu dute gaur xanistebanetan; bestelako ekitaldirik ere egon da
Gazteak izan dira gaur xanistebanetako protagonista nagusiak, xanistebanetako Gazte Eguna ospatu baita. Eguna triste antzean hasi da, euriak umelduta. Pixkanaka hasi da jendea Done Eztebe plazara eta inguruetara hurbiltzen. Haurrentzako kirol egokituko probak antolatu ditu Mindarak; kantu jirakoak ibili dira; erraldoien topaketa ere egin dute… Baina eguerdi partean bildu da jende gehien. Ordura arte euri tanta zirenak uholde more bat bilakatu da 13:30 inguruan. Izan ere, orduan bota dute Gazte Eguneko txupinazoa. Iruñean atxilotu zituzten lau oreretarrak izan dituzte gogoan, eta euren gurasoak gonbidatu dituzte bertara. Eguraldiak Kontzejupe plazara lekualdatu du bazkaria. Bapo janda —eta edanda—, Done Eztebe plazara bueltatu dira gazteak, jolasetan aritzera. Momentu barregarri bat baino gehiago utzi dituzte kuadrillakideek, Elektro Txuflarekin dantzan hasi baino lehen. Bestelako ekitaldirik egon da: Haurtzarok antolatutako xake txapelketa, pala finalak kontzejupean, dantza sueltoko txapelketa… Gauerako musika eskaintza honakoa da: Zartako-K eta KO Etiliko (23:00etan, Landetxen); Bide Batez-ekin dantzaldia plazan (23:00etan) eta dj festa Landetxen, 02:00etatik aurrera. Bihar idatziko da aurtengo xanistebanen epilogoa. Haurren danborrada, arkume jatea eta truk txapelketa izango dira biharko antolatuta dituzten ekitaldietako batzuk.