Haurren Eguna ospatu dute gaur xanistebanetan; arkume jatea izan da ekitaldirik jensetsuena
Giro ederra jarri dute Oiartzungo kuadrilek.
Azkeneko eguna dute gaur xanistebanek. Balizko nekerik ez da sumatu gaur: egin diren ekitaldiak energiaz bor-bor egon dira.
Haurren Eguna da, eta horregatik, Haurtzaroko ikasleek danborrada egin dute, kalez kale. Kirolak ezta ere ez du gaurkoan hutsik egin. Horrela, Oiarpek antolatutako pilota txapelketako finaletako batzuk jokatu dituzte kontzejupean, eta ondoren sariak banatu dituzte. Horrez gain, Xanistebanetako txirrindularitza
klasika jokatu dute 70. aldiz. Done Eztebe plazako helmugan Euskadi Fundazioko Sergio Rodriguez izan da onena. Bere atzetik geratu dira Cristian Mota eta Julian Barrientos. Aurtengo festetan omendu duten Txomin Perurena izan da sari banaketan.
Ekitaldi jendetsuena, hala ere, arkume jatea izan da. Goizean goizetik bildotsak eta paella prestatzen aritu dira Kastroko iturriaren ondoan. 14:30 inguruan hasi dira sabelak betetzen plazara bildutako 600 lagunak. Hurrengo orduetan erre dituzte kaloriak; txarangak markatu die horretarako erritmoa.
Arratsak luze joko du. Xanistebanetako azkeneko
metroak izango dira: azkeneko sprintarekin gozatzeko, onena, festa eremura joan eta bertatik bertara bizitzea izango da.