Hilaren 17an Errenteria-Orereta eta Arditurri lotuko ditu bizikleta martxa batek, eta han hainbat ekitaldi egingo dituzte
Paraje ederrekin gozatzeko aukera izango dute.
Arditurriko Bide Berdearen Eguna seigarren ospatuko dute, hilaren 17an. Bizikleta martxa batek Errenteria-Orereta eta Arditurriko meategiak zirenak lotuko ditu. Helmugan hainbat jarduerarekin gozatzeko aukera egongo da.
09:30ean irtengo da martxa, Gamon Zumarditik. Oiartzungo Done Eztebe plazatik, berriz, 10:00etan aterako dira txirrindulariak. Bi kasuetan, tokian ordu laurden lehenago egoteko gomendatu dute. Hori bai, kaskoa eramatea derrigorrezkoa izango da, eta argia eramatea aholkatu dute.
Mugikortasunaren Astearen barruan antolatu dute Bide Berdearen Eguna. Horregatik, motordun ibilgailuan ez hurbiltzea eskatu dute antolatzaileek. Ildo horretan, gogorarazi dute EuskoTren eta Renfeko bagoi guztiek bizikletak eramateko atalak dituzte.
Arditurriko jarduerak
Meategi zaharrak zeuden parajera iritsita, bizikleta gordailua egongo da. Bi gurpilen gainean hurbiltzen direnek hamaiketakoa dohainik izango dute.
Indarrak hartuta, meategiak prezio murriztuan bisitatzeko aukera izango dute. Bisitaren txartela dutenek, segway zirkuitua egin ahal izango dute. Horrez gain, hainbat jolas antolatuko dituzte: Zinta karrerak, herri kirolak, jolasak bizikletarekin… Gainera, bizikleta gaineko trial erakustaldia egingo dute.
Oiartzungo Udalak eta Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatu dute eguna, eta Oiartzungo hainbat elkarteren laguntza ere jaso dute (Lartaun zikloturista taldea; OTXE; Girizia eta Ttak).