EAT Errenteriako Atletismo Taldeak hilaren 21ean aurkeztuko du denboraldi berria Beraungo estadioan.
EATko taldekide batzuk. Hilaren 21ean aurkeztuko dute denboraldia.
EAT Errenteriako Atletismo Taldeak 60 urte bete ditu aurten eta ibilbidean izan duen atleta kopururik handiena du egun. Horien guztien aurkezpen ofiziala egingo du hilaren 21ean Beraungo estadioan. Inoizko atleta kopururik altuena izateaz gain, inoiz baino sendoago eta profesionalago dela nabarmendu dute arduradunek gainera.
Denboraldiaren aurkezpena 18:00etan hasiko dute. Eskola osatzen duten kideak helduko dira lehenengo eta 19:00ak arte gainontzeko taldeak batzen joango dira familia argazkia egiteko. EATk aukera zabalak eskainiko ditu denboraldi honetan. 8 urtetik aurrerako haurrek Atletismo Eskola dute eskura. Benjaminek eta kimuek astearte eta ostiraletan dituzte entrenamenduak 17:30etik, 19:00etara; haurrek eta federatuek, astearte, ostegun eta ostiraletan, 18:00etatik 19:30era.
Atletismo Eskolako saioak euskaraz dira, bertan ari diren begiraleak atletismo taldeak kontratatutakoak dira, eta gutxienez begirale titulu nazionala, soinketan espezializatutako magisteritza titulua, edo IVEF titulua dute: “Eskola profesionalizatzeko apustua egin dugu, bertan aritzen diren klubeko 50 kideei kalitatezko zerbitzua emateko”. Aurten gainera lehiaketarik gabeko talde irekiak osatuko dituzte EATn, kirola egin bai, baina lehiatu nahi ez duten gazteei begira.
Senior eta beteranoen taldeak
Entrenamendu federatuko talde hori da apustu garrantzitsuenetako bat EATrentzat: “Ia 50 kide ari dira bertan, eta bi talde egin nahi ditugu, emakumeena eta gizonena Espainiako Estatuko Klub Beteranoen txapelketara iristeko. Iaz, emakumeek lortu zuten, beraz aurten emakumeen mailari eutsi eta gizonen taldearekin txapelketa horretara iristea dugu helburua”.
Baitz Taldeak geroz eta kide gehiago ditu, bestalde. Une honetan 30 emakume ari dira bertan, maila ezberdinetakoak, eta Dana Romerok gidatuta astean bitan egiten dituzte entrenamenduak: “Forman jarri nahi duten emakumeei begirakoa da, hastapena”. Entrenamendu funtzionala egiten dute, bestalde, pista entrenamenduaren osagarri gisa, eta publiko zabalari irekia. Denboraldi honetan gainera, running eta trail taldeak modu bateratuan lantzen hasiko dira.
Gipuzkoako beste talde batzuekin elkarlanean arituko da EAT beteranoen taldea osatze aldera. BAT Bidasoa Atletico Taldearekin daukan hitzarmena berrituko du, bestalde EATk.
Atletismo taldearen gaineko informazioa bere
webgunean eskura dezakete interesdunek eta harremanetan jartzeko, berriz,
posta elektronikora mezua bidal dezakete edota 675 66 39 04 edo 676 13 91 63 telefono zenbakietara deituta.