Santi Angulo: "Tasa diskriminatzailerik ez, TAO-rik ez"
Lehenik eta behin, TAO ez zen sortu aparkatzeko arazoa konpontzearren; aitzitik, arazo hori aitzakiatzat hartuta, alderdi politiko batzuek bere lagunei diru-sarrera bat ematearren ezarri zuten TAO herritarrei galdetu gabe. Denok dakigunez, Euskal Herrian ad hoc sortutako enpresa mamu horietako asko, dirua eskuratuta edota eskumena kenduta, desagertu egin dira eta langileak hor konpon! Halako trikimailuak asmatu zituzten alderdiek bazekiten hori, baina haien interesa bakarra lagunei dirua ematea zen, ez langileen lan-baldintzak. Alta, aparkatzeko arazoak irauten du.
Bigarrenik, TAO eremutik kanpo autoz datozen herritarrentzako zerbitzua izan daiteke, baina ez die bertan bizi diren herritarrei inolako zerbitzurik eskaintzen, herriko beste auzoetan bezala, aparkatzeko arazo handiak izaten baitituzte. Hala ere, TAOk zerbitzurik eman gabe, bertako herritarrei 47 € inguruko tasa kobratzen die. Beraz, zerbitzua ez izateaz gain, tasa diskriminatzailea da bertakoentzat.
Hirugarrenik, TAO ezarri zutenean, garai hartako Ezker Abertzaleak biztanleen bizkar ez izatea proposatu eta hobarien bidez lortu zuen. Azken zortzi urteetan, zoritxarrez, hobariak kendu eta TAO bertako herritarren kontura mantendu da, hartutako erabakiari muzin eginez.
Laugarrenik, Udalak zerbitzuak publikotzea estrategikotzat jo du eta TAO kudeatzea erabaki du. Hala izan beharko luke kasu guztietan, esaterako, eraikin publikoen garbiketa, lorezaintza, garraio publikoa… Hala ere, dirudienez, erabakia publikotzeko kostu ekonomikoei begira hartu da, eskumen hori (eta garabiarena) udaltzaingoari emango baitzaio, honek ekarriko duen kontrol polizialaren eztabaidan sartu gabe.
Azkenik, Udalak herri honi zor diona TAOren inguruko eztabaida prozesua abiatzea eta ondoren galdeketa bat egitea da. Duela 25 urte herritarroi galdetu gabe ezarri ziguten; bada garaia, beraz, herritarron hitza entzuteko ea TAO beharrezkoa den gure herrian. Erabakia aukera guztien artean hartu beharko litzateke (TAOrik ez, TAO herri osoan, biztanleen bizkar ez izatea, autoa beharrean garraio publikoa erabiltzea sustatu, salbuespenak…). Era honetan, demokrazia parte-hartzaile zuzena bultzatuko litzateke eta erabakia herritarrek zuzenean hartuko lukete.
Santi Angulo. Errenteria-Orereta.