Pasaiako Udalak antolatuta, Tokiko Agenda 21 Planaren egile izateko aukera eskainiko zaie herritarrei.
Pasaitarrek zer nolako herria nahi duten hausnartu eta adierazi ahalko dute urrian antolatuko diren solasaldietan. Udalak jakitera eman duenez, iraunkortasuna da xede nagusia, baina horretarako herritarren iritziak biltzea ezinbestekotzat dute. Parte-hartzailea izanda, prozesu aberasgarria, eraginkorra eta erabilgarria izatea espero dute.
Lehen fasean, herriko ingurumen, gizarte eta ekonomia aferen diagnostikoa prestatzen ari da Udala. Herritarrei ekarpenak egitera dei egin diete, batez ere barruti bakoitzeko indargune eta gabeziak hobeto ezagutzeko. Herritarren aldarrikapenak ezagutu nahi dituzte, indarrak non jarri behar diren jakiteko.
Udaletxe eta herritarren arteko hartu-emana sustatzeko asmoz, hainbat bilera antolatu dituzte barrutietan.
Pasai Antxo: Urriaren 2an 19:00-20:30 Kultur Etxean.
Pasai San Pedro eta Trintxerpe: Urriaren 5ean 19:00-20:30 Trintxerpeko Alkateordetzan.
Pasai Donibane: Urriaren 9an 19:00-20:30 Donibaneko Pleno Aretoan.