Helburua orain, datorren denboraldian KAE1 ligan mantentzea eta sendotzea dela esan du Alex Orena entrenatzaileak.
Hibaika KAE1 Ligan arituko da datorren denboraldian.
KAE1 ligan arituko da Hibaika datorren denboraldian. Pozez hartu dute berria errenteriarrek, eta helburua orain, datorren denboraldian KAE1 ligan mantentzea eta sendotzea dela esan du Alex Orena entrenatzaileak: “Pozgarria izan da. Azkenean ez zegoen gure esku igoera lortzea, ez genuen guk jokatu behar estropada, guk egin genuen gurea eta besteen menpe geunden. Zortea izan dugu eta igo gara”.
KAE1 Ligan aritzea “koska bat igotzea” dela esan du Orenak, “garrantzitsua da guretzako, beste irmotasun bat emateko taldeari, hazten jarraitzeko”. Prestaketa antzekoa izango dutela dio, baina helburuetan maila bat igotzen saiatuko direla esan du: “Arerioak indartsuak dira eta kostatuko zaigu hor aritzea”.
Markatutako helburuetako bat bete du Errenteriako arraun taldeak, eta denboraldiaren gaineko balorazio positiboa egin du, “helburuak banan bana betetzen joan gara, hasieratik helburu txikiak jarrita. Liga besteek baino urrutiago hasi genuen, eta bukatu dugu borrokan, estropada guztietan lehiatzen. Helburua horrela jarraitzea da, mantentzena eta finkatzea taldea KAE1 Ligan”.