Ekintzaren bidez herritarren kontzientziak astindu nahi dituzte, gizarteratu errefuxiatuek bizi duten egoera, eta babesa azaldu, "gure herrian ongi etorriak direla esan".
Errefuxiatuen alde bustitzera deitu dute bederatzi elkartek.
Errenteria-Orereta herri abegikor eta anitza dela, eta urruneko itsasotik datozenen alde “busti behar dela” uste dute GOT Grupo Oarso Taldea, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Mikelzulo Kultur Elkartea, SOS Arrazakeria, Hondarribia- Katsikas, Oreretako Mugimendu Feminista, Salvamento Maritimo Humanitario, Bosa Orereta eta Zaporeak elkarteek. Beraiek bustiko dira. Atlantikaldiaren testuinguruan egingo dute, ostiralerako antolatu duten ekimenaren bidez, eta herritar guztiak deitu dituzte “Atlantikoa eta Mediterraneoa bat egitera”. Errenteria-Oreretako EH Bilduk, Errenteria Irabazizek, ELA-k, LAB-ek eta ESK-k babestu dute.
Fanderiako bidegorria eta Gabierrota auzoa batzen dituen egurrezko zubian egin dute hitzordua 19:00etan. Hamar ontzi puzgarri jaurtiko dituzte Oiartzun ibaira puntu horretan. Ontzietan bina edo hiruna lagun, hogeitik gora guztira, errekan behera Zumardiraino joango dira errefuxiatuek Mediterraneoan egiten duten bidaia simulatuz. Lehorreratzea egingo dute, Mediterraneoa ihesi zeharkatzen duten askoren ametsa. Salbamendu jaka jantzita egingo dute bidea, eta bien bitartean, ibaien ertzetako bideetatik manifestazioa antolatu dute. Errefuxiatuak bezala, lehorreratu bezain pronto atxilotuko dituzte, eta Atzerritarrentzako Internamendu Zentrora eramango dituzte. Herritarrek askatu eta aterako dituzte handik.
Ekintzaren bidez herritarren kontzientziak astindu nahi dituzte, gizarteratu errefuxiatuek bizi duten egoera, eta babesa azaldu, “gure herrian ongi etorriak direla esan”.
Gaur goizean egin duten agerraldian talde antolatzaile guztietako ordezkariak zeuden, baita ontzi puzgarria, salbamendu jakak eta manta termikoak. Horiek jantzita egin dute agerraldia, errefuxiatuak bailiran.
Kultur aniztasunaren emaitza
Bihartik igandera arte, Atlantikaldiaren eskutik Errenteria-Orereta itsas topaleku bihurtuko dela baliatu nahi izan dute antolatzaileek: “Garai batean ematen ziren kultur trukeak gogoratuz eta eraberrituz, eta gaur egun Errenterian bizi diren jatorri ezberdinetako herritar eta komunitateen aniztasun kulturalak baduela lekua gurean aldarrikatuz. Beste tokietatik gurera, guretik besteetara, miseria gorria dela, edo gerra zibilak, edo errepresioa eta diktadurak direla medio, joan etorri hori etengabekoa izan dela ezin baitugu ahaztu”. Errenteria-Orereta, herri gisa, horren emaitza dela nabarmendu dute.
Gaur egun, Atlantikoko portuetatik Mediterraneoko portuetara begira jarri behar dela sinistuta daude. Horren harira, gogora ekarri dute 2014. urtean 10.000 etorkin hil zirela ofizialki; aurten dagoeneko, 2.200, eta urtea ez da amaitu: “Mare Nostrum, mare mortum, hondamendia bihurtzen ari da Mediterraneoa”.
Afganistan, Siria, Irak, Afrikatik gerrateak, izurriteak edo diktaduretatik ihesi datozenek bideak oztopoz beterik aurkitzen dituztela salatu dute, eta harresiz inguratutako Europa. datuak eman dituzte ondoren. Aurten, 131.703 errefuxiatu iritsi dira Europara, horietatik, soilik 27.641 birkokatu dituzte. Espainiako Estatuak 20.000 onartu behar zituela eta 2.000 baino ez dituela hartu ere salatu dute, “gainera debekuak eta oztopoak jarri dizkie autonomia erkidegoei eta udalei bere kabuz pausurik eman ez dezaten”.
Herritarrak bustitzera deitu dituzte eta ostiralean antolatu duten ekimenean parte hartzera.