Arrauna, dantza eta futbola egiten duten zortzi eta hamasei urte bitarteko gazteei zuzenduta dago kanpaina.
Castinga, gazteen artean euskara sustatzeko modu berria behar du izan.
Castinga urriaren zazpian egingo dute, baina ordua eta lekua zehazteko daude oraindik. Izena emateko epea, hilaren 28ra arte izango da, arrauna, dantza eta futbol elkarteetan. Adin txikiko gazteentzako castinga denez, gurasoen baimen sinatua ekartzea beharrezkoa da.
Atzo aurkeztu zuten iniziatiba, Trintxerpeko alkateordetzan.
Pasaiako Udalaren Euskara Sailak eta Euskararen Aholku Batzordeak funtsezkotzat dute euskararen erabilera Pasaiako kaleetan. Gazteen gehienek, badakite euskaraz hitz egiten, baina hainbat arrazoi direla medio, aisialdia erdalduna izaten jarraitzen du. Hori dela eta, ikasturte honetan sentsibilizazio eta komunikazio kanpaina deigarriagoak egingo dituzte. Tartean, Strogoff komunikazio enpresarekin batera diseinatutako castinga. Herriko hainbat elkarte, euskaltegi, familia eta merkatarien babesa jaso dute ekimena gauzatzeko. Pasaia-Lezo Lizeoko eta Karmengo Ama eskolaren ordezkariek ere parte hartu dute. Hezkuntza euskaraz izan arren, hizkuntzaren susperraldia ez dago bermatuta gazteen artean. Alde batetik, Pasaiako guraso askok ez dakitelako euskaraz hitz egiten. Baina batez ere, kaleko harremanetan normalizatua ez dagoelako. Aisialdia euskaraz izan dadin, castinga eta beste ekimen batzuk sortzeko ahalegina egingo dute.
Elkarteetatik ere, gazteei parte hartzeko gonbita egin diete, “euskaraz ongi pasa daitekeela frogatu nahi diegu gazteei” adierazi du Jose Mari Artola, Pasaiako elkarteen ordezkariak. Gazteak berez, euskarria baino ez dira, benetako hartzaileak familia osoak dira. “Kanpainaren bitartez, Pasaian euskaraz bizitzea posiblea dela erakutsi nahi diegu, haiek hausnarketa propioa egin dezaten”.
Castingari dagokionez, gazte normalak nahi dituztela nabarmendu du Nagore Garcia, Strogoff komunikazio enpresaren langileak, “ez ditugu dantzari bikainenak, futbolari trebeenak edota arraunlari kementsuenak bilatzen, neska-mutil talde anitza bilatzen dugu, kamera aurrean jartzeko lotsarik ez dutenak”. Castingera doazen gazteei hainbat argazki egingo dizkiete, banaka zein taldeka. Hautatuak diren gazteek, beste argazki saio batean parte hartzeko aukera izango dute.
Arrauna, dantza eta futbola aukeratu dituzte, hauek direlako haur eta nerabeen hautu nagusiak aisialdirako, eta lau udalerrietan ordezkaritza dutelako. Hauek dira, castingean parte hartuko duten elkarteak. Dena den, beste hainbat elkartek babesa eskaini diote ekimenari.
- Arrauna: San Juan Koxtape, Illunbe eta San Pedro.
- Dantza: Trintxerpeko Txassis eta Fama, Antxoko Alkartasuna, Donibane dantza taldea eta San Pedroko Lamiak.
- Futbola: Pasaia Kirol Ekartea eta Trintxerpe.