Lezoko Garagardo Festan, edaria dastatzeaz gain, egunero izango da zer egin. Karlos Saldise plazan jarriko dute jaiaren gunea.
Aurreko urte bateko Garagardo Festaren irudia.
Berriz ere Lezok garagardoaren kulturarekin estu lotzeko aukera izango du. Garagaro Festa izango du aurten ere. Hilaren 28an (osteguna) hasiko da, eta urriaren 1era arte egongo dira zabalik Saldise plazan postuak. Klasikoa da jada Lezoko garagardozaleen bilgunea.
Tokiko eta atzerriko garagardoak dastatzeko aukera izateaz gain, eta jakiekin hori dena osatzeaz aparte, egitaraua badu festak, osagarri anitzekin.
Hala, hilaren 28an, Denok errealarekin izenburupean ekingo diote jaiari; izan ere, Realak Europa Leagueko norgehiagoka du egun horretan San Petersburgoko Zenit taldearen kontra.
Hilaren 29an, ostiralarekin, animazioa Jaixkipe txarangak jarriko du, bere doinu biziekin. Hurrengo egunean, 30ean, 21:30ean Traband taldeak joko du, eta 23:30etik 01:30era Son Pa Bailar-en txanda izango da.
Igandean (urriak 1), giroa lezoarren esku geldituko da. Ziur jarriko dutela.
Festaren eremua egunero 18:00etatik 00:30ak arte zabalik egongo da, hilaren 30ean (larunbata) izan ezik: egun horretan 02:30ean itxiko dute Saldiseko gunea.