Martxel Mariskal hondarribiarra gonbidatu dute Irakurketa Taldeak eta Oiartzun Azmarrin-ek
Martxel Mariskal, pasa den ekainean, liburua Hondarribian aurkeztu zuenean.
Gero eta hedatuago dago igandetan, aire zabalean, kultura ekitaldiak egitea. Oiartzun Azmarrin-en eta Irakurketa Taldearen ekimenez, datorren igandea halakoa izango da Oiartzunen. Zehazki, literarioa izango da igande eguerdia.
Martxel Mariskal Balerdi hondarribiarra gonbidatu dute, bere lehen poema liburuaren harira.
Azken zakatzak du izena liburuak (Susa, 2017). Argitaletxearen erreseinak hala definitzen du: “Liburu honen konposizio barrenkorrak zabaldu egin du bere indar espresiboaren sakontasuna, arnas luzekoa eta oparoa, lanketa gaitz baten emaitza trinkoa”. Horrez gain, Beti Mugan edota Lisabo taldeentzako abestiak idatzi ditu. Oiartzunekin ere lotura du, Haurtzaro Ikastolako irakasle izan baitzen.
Ainara Lasak, Oier Guillanek eta Alaia Martinek zein Ekain Telletxea eta Malen Etxebeste haurrek poemak errezitatuko dituzte. Gonbidatu sorpresa bat ere izango da bertan. Saioaren gidari Goiatz Labandibar izango da. Eurak izango dira hitza
kudeatzeko ardura izango dutenak; Idoia Beratarbidek koadro bat osatuko du saioak irauten duen artean.
Iniziatiba literarioa 12:00etan hasiko da, Hipatiaren Lorategian. Ekitaldia irekia izango da.