Pasaiako Udalak Kataluniaren erabakitzeko eskubidea babestu du
EH Bilduk aurkeztu zuen EAJ eta Puede Pasaia(k) Ahal du alderdiekin batera adostutako mozioa. PSEk kontra bozkatu zuen.
Atzoko osoko bilkuran bederatzigarren puntua izan arren, arreta gehien piztu zuen puntua, Kataluniari elkartasuna adierazteko mozioa izan zen. EH Bilduk egindako lehen mozioa baztertu zuen, EAJ eta Puede Pasaia(k) Ahal du alderdiko zinegotziekin berria adosteko. PSEk kontra bozkatu zuen. Adierazpen bikoitza izan zen Haritz Perez EH Bilduko zinegotziak aurkeztutakoa. Alde batetik Kataluniako herriari solidaritatea adierazi zioten, erabakitzeko eskubidea bide baketsuen bidez burutu nahi dutelako. Erakundeei ere babesa eskaini zien, bereziki alkateei, “Kataluniako erakundeek bozketa ahalbidetu nahi dute soilik, herriak erabaki dezan. Horregatik gure babes osoa eskaini nahi diegu, auzitegietara deitu dituzten alkate guztiei. Guk berdina egingo genuke”, esan zuen Perezek. EH Bilduko zinegotzien ustez, Kataluniako prozesuak ez du etenik, ezta auzitegietan ere. Estatuak arazo politiko bati emandako erantzun judiziala gaitzetsi dute beraz, “Kataluniak beti izan du jarrera baketsua eta negoziatzeko prest egon da luzaz. Estatuak ordea ohiko errepresioarekin erantzun dio aldarrikapen horiei”. Eusko Jaurlaritzari ere kritika egin zion Perezek, Urkulluren gelditasunaren aurrean Agirre Lehendakariaren hitzak ekarri zituen gogora, “Euskal Herria beti izango da Kataluniaren alboan”. EAJk erabakitzeko eskubidea, nazio guztiek duten eskubidea dela esan zuen Nahikari Otermin lehen alkateordeak, baita Euskal Herria eta Kataluniarena. Galdeketa geldiarazi ordez, ezezkoaren aldeko kanpaina egin dezala proposatu zion Espainiar Estatuari, jendearen bozkatzeko nahia oztopatu gabe. Tentsioa handitzea ere egotzi zion Mariano Rajoyren gobernuari, “Milaka polizia eraman dituzte, baina polizia zertarako? Jendeak bere boza hautetsontzi baten barruan ez sartzeko?” esan zuen Oterminek. Herritarrak alkatearen bila Bilkura bukatzear zenean, lau barrutietako hainbat biztanlek protesta egin zuten udaletxeko areto nagusian, egungo hondakin kudeaketa salatzeko. Bosgarren edukiontziaren sistema, “iruzur hutsa dela” esan zuten, ez baita birziklapena bermatzen. Atez atekoaren bidez lortutakoa galdu da bizilagun hauen ustez, zaborra herriko hainbat tokietan pilatzen jarraitzen du, eta sistema berri honek ez du herria garbiagoa egin. Birziklatze tasaren inguruko datuak exijitu zituzten. Zalantza guzti hauek, gutun bidez igorri zituzten martxoan, baina atzo arte ez zuten erantzunik jaso. Izaskun Gomez alkateak bi astetan erantzuteko ardura hartu zuen bere gain, beste eskakizunei erantzun gabe.