Haurrentzako txokolate jatea eta eskulan txokoa, eta helduentzako marmitakoa, sardinak eta sagardoa banatuko dituzte San Migel egunean.
EAJko ordezkarien agerraldia gaur.
Hilaren 29, EAJren patroia den San Migel eguna ospatuko du beste urte betez Errenteriako alderdi jeltzaleak. Horren harira, arratsaldez haur zein helduei begira egitaraua antolatu dute. Zehazki, 17:30ean hasiko dute jaia Batzokiaren aurrean, Koldo Mitxelena plazan, haurrentzako prestatu duten txokolate eta bizkotzo jatearekin. Haur txokoa ere jarriko dute, bildutakoek eskulanak egiteko aukera izan dezaten.
Marmitakoa, sardinak eta hori bustitzeko sagardoa ere eskainiko diete bertaratzen diren helduei 19:00etatik arrera. Errenteriar guztiak gonbidatu ditu Elixabete Murua Errenteriako EAJren Uri Buru Batzarreko lehendakariak “jaki gozoez eta jai giroaz” gozatzera: “Gure alderdiaren patroia den San Migelen omenez urtero ospatzen dugun festa hau, adin tarte guztietako errenteriarrak elkartzeko eta jai giroaz gozatzeko parada bilakatu da urte hauetan eta arrakastatsua”.