Pasaia-k Ahal Du: “Nerea Gonzalezen kontrako akusazioak onartezinak dira”

Izaskun Gomez alkateak egindako adierazpenak, zuzentzea exijitu du alderdiak
Pasaia-k Ahal Du

Alkateari dimititzeko gomendatu dio Pasaia-k ahal du alderdiak

Aurreko asteko osoko bilkuran, liskarra eragin zuen Araneder pisten auziak. Don Bosco futbol zelaian obrak egiten diren bitartean, Pasaia Kirol Elkartearen kadete mailako A eta B taldeak Trintxerpeko Araneder pistetan entrenatzeko erabakia hartu zuen Udalak. Erabakiak hainbat herritarren haserrea piztu zuen eta neurriak hartuko zituztela iragarri zuten. Izaskun Gomez alkateak, kexu hauen erantzulea Nerea Gonzalez Pasaia-k Ahal Du-ren kidea zela esan zuen, bere dimisioa eskatuz.

Pasaia-k Ahal Du alderdiak adierazpen horiek gaitzetsi ditu, oinarririk ez baitute haien aburuz. Irailaren 22an Nerea Gonzalezek bitartekaritza lana egin zuela esan dute, “Nereak giroa baretu zuen eta horri esker gazteek entrenamendua burutu ahal izan zuten”. Oso larria iruditzen zaie, Pasaiako Udalak Trintxerpeko hainbat biztanleri solidaritate eza egoztea eta udala bera jo dute erantzule nagusi gisa, “oso tristea iruditzen zaigu, PSEk polemika hau interes politikoekin erabiltzea, saihesteko moduko egoera baitzen”. Udalaren kudeaketa desegokia salatu dute, izan ere, ez zituzten behar adina baliabide erabili biztanleriari aldaketen berri emateko. Aldebakartasuna ere egotzi diete alkateari eta kirol zinegotziari, erabakia beste alderdiei ezer esan gabe hartu zutelako. Azken kirol batzordea urtarrilean egin zela gogorarazi dute.

Egoerak hartutako norabidea eta kudeaketa txarrak direla eta, erantzukizun politikoak exijitu dituzte, “Izaskun Gomez alkateak eta Lore Suarez alkateordeak hartutako erabaki desegokiak onartu behar dituzte, alkateak pasaitarron bizikidetza zaindu behar du”. Alkatearen gaitasun ez dela eta, dimititzeko eskatu diote.

Pasaia-k Ahal Du alderdiak elkartasun osoa adierazi die, auzi honen ondorioz kaltetuak izan diren gazte guztiei.

 

Ez dago ekarpenik

Egin iruzkin bat

*

*


*

Send this to friend