Raketistak ezagutzera emateko, erakusketak egingo dituzte lau barrutietan
Euskal Herritik kanpo arrakasta lortu zuten lehen pilotariak raketistak izan ziren. Espainiako Estatuan eta Amerikan ospea eta izen ona eskuratu zuten kirol bizi hartan aritzen ziren ehunka emakumek. 1917an talde batek Madrilerako bidea hartu zuen, erraketa eskuan zutela, sekulako erakustaldiak emateko. Ordutik 700 emakume baino gehiagok jardun zuten frontoietan, asko eta asko ospetsu eta aberats bihurtu ziren. Gizartea, ordea, matxista da, eta emakume hauen lorpenak azkar ahaztu ziren, baita haiek jokatutako kirola ere.
Errealitate hura iraultzeko asmoz Pasaiako Udalak eta LOKKE (Raketistak Lehen eta Orain Kultur Kirol Elkartea) taldeak hainbat erakusketa antolatu dituzte Pasaiako lau barrutietan. Aurreko astean Donibaneko kiroldegian izan ziren, aste honetan Antxoko azokan izango dira eta hurrengo bietan, Trintxerpen eta San Pedron hurrenez hurren. Pasaiako raketistak ardatz gisa hartuta, bi helburu nagusi ditu erakusketak; emakume kirolarien lana nabarmentzea eta erraketazko modalitateari frontoian balioa ematea.
Pasaiak goi mailako raketistak eman zituen eta haiek dira protagonistak erakusketan. Aurreko mendeko argazki ugari bildu dituzte, garaiko pilotari eta frontoiekin. Baina kirolaz harago doaz argazkiak, giro sozial eta politikoaren erakusle dira, frankismoarena kasu.
Pasaiako bederatzi raketista profesional izan zirela frogatu dute ikerlariek. Pasai Antxoko Belza, Senar, Larramendi I, Yolanda eta Lolita, Donibaneko Ramonita, Sistiaga eta Trecet. Malen izeneko jokalari sanpedrotar bat izan zela badakite, ez ordea bere abizena edo beste daturik. Emakume hauek Pasaiaren izen ona munduan zehar eraman zuten, baina luzaz haien garaipenak ez ziren aintzat hartu gizarteak ez zituelako begi onez ikusten. Orain raketisten memoria ez galtzeko urratsak eman nahi dituzte, kirola galdu ez dadin baina batez ere, kirolari handi hauek lortutakoa ezagutzera emateko.